Torturaren "erabilera politikoa" salatzen jarraituko dute, aitortua izan arte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 15a, 13:00

Otsailaren 13ko Torturaren Aurkako Egunaren bueltan bi ekitaldi antolatu dituzte Bergarako Gure Artera taldeak eta Olaso Dorrea Fundazioak. Atzo Bi arnas filmaren proiekzioa eta solasaldia izan zuten eta bihar, otsailak 16, torturaren erabilera politikoa hizpide izango duen hitzaldia emango dute Iñigo Elkorok eta Joxe Aldasorok, Olaso Dorrean (19:00).

Lehen ekitaldia atzo izan zen, Bi Arnas filma bota zuten-eta Seminarixoan. Film horretako testigantzetako bat Nekane Txapartegi asteasuarrarena da, 1999an Guardia Zibilak bortizki torturatu eta ondoren hainbat urtez Suitzan erbesteratuta bizi izan dena. Filmaren osteko solasaldian hartu zuen parte Txapartegik, Audientzia Nazionaletik zuzenean etorrita.

Nekane Txapartegi: "Audientzia Nazionalean zutik esan diet 1999an torturatu egin nindutela"

Izan ere, atzo bertan eman zuen amaitutzat Txapartegik haren kontrako epaiketa, espetxeratua izateko beharrik gabe. Pozik dago, baina ez erabat, eta aurrerantzean ere torturaren erabilera politikoa salatzen jarraituko duela dio. "Pozik nago baina ez guztiz, oraindik kide asko espetxean daudelako. 1999an hasitako prozesu hori ez da nire askatasunarekin edo itzulerarekin amaitzen, denak etxeratuko ditugunean baizik [...]".

18/98 sumarioko hainbat atxilotuetako bat izan zen Txapartegi: "Todo es ETA diskurtsoan oinarrituta atxilotu ninduten, beste hainbat euskal herritarrekin batera. 1999ko martxoaren 9an izan zen atxiloketa; bost egunez inkomunikatuta izan ninduten terrorismopean ezarritako legedi berezi horrekin. Horrek aukera eman zien guardia zibilei ni inpunitate osoz torturatzeko. Gaur egun esan dezaket 1999an txikituta sentitu banintz ere ibilbide bat egin dudala eta salatu izanak nolabait lagundu didala torturaren gaia beste era batera eramaten. Gaur [atzo] izan da horren berrespena, gai izan naizelako Audientzia Nazionala moduko epaitegi berezi horretan zutik eta epailearen begietara begira torturatu egin nindutela eta torturapean oinarritutako testigantzetan kondenatu nindutela".

Iñigo Akaiturri: "Pistola jarri zidaten buruan, tiroaren simulazio eta guzti"

Ekitaldia antolatu zuen Gure Artera taldeko Iñigo Akaiturri ere torturatua izan zen, Guardia Zibilak 1991eko otsailaren 16an atxilotu ostean. "Atxilotu eta lehen unetik hasi ziren kolpeak. Nire kasuan, mendira eraman ninduten eta pistola bat jarri zidaten buruan, tiroaren simulazio eta guzti. Kuartelean poltsa egin zidaten hainbat alditan; kolpeak etengabe, mehatxuak...".

Bergaran bizi den zornotzarrak ez du uste onartuko denik tortura helburu politikoekin erabili zela herri honetan.

Hain zuzen ere,  torturaren erabilera politikoa izango dute hizpide bihar, otsailak 16, Torturaren Aurkako Taldeko abokatu Iñigo Elkorok eta torturatua izan zen eta Biyer egueldi liburua idatzi zuen Joxe Aldasorok; Olaso dorrean izango da hitzaldia, arratsaldeko zazpietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak