Emakume zientzialarien lana bistaratzea izan dute helburu

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 10a, 15:10

2022ko ZTB jardueren baitan, Bergarako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasle eta irakasleei emakume zientzialarien inguruko lan bat egitea proposatu zien Udalak eta gaur egin dute sari banaketa, Emakume Zientzialarien Egunaren bezperan, Laboratorium museoan. Miren Irizarren, Mali Juaristiren eta Irati Aperribairen bideoa izan da saritua.

Emakume zientzialarien erreferente historikoei balioa ematea, bokazioak sustatzea eta genero-arrakala ixten laguntzea helburu duen lankidetza-proiektua da gaur borobildu dutena. "Emakume zientzialarien inguruan egin izan ditugu bestelako lanketa batzuk, baina formatu honetan planteatu dugun lehen aldia izan da", adierazi du Ainhoa Letek, Bergarako Udaleko Laboratoriumeko eta Berdintasun Saileko zinegotziak. 

Bederatzi bideo aurkeztu dituzte, Mariaren Lagundiko eta Aranzadi Ikastolako ikasleek egindakoak, eta bakoitzean 3-5 ikaslek parte hartu dute.

Bideo saritua honako hau izan da: Aranzadi Ikastolako Irati Aperribaik, Mali Juaristik eta Miren Irizarrek Ada Lovelace zientzialariari buruz egindakoa. Historiako lehen programatzailea izan zela esan ohi da, programazio-lengoaia eta kontzeptu orokorra erabili zuen lehen emakumea izan zelako (baita lehen pertsona ere), edo makina bat kontrolatzeko lehen algoritmoa sortu zuelako.

Erabakia hartzea "zaila" izan dela adierazi dute epaimahaiko kideek, lan onak aurkeztu dituztelako guztiek. Halaber, bideo sarituaren hainbat ezaugarri nabarmendu dituzte: "Formatu erakargarria, egin den lan artistikoa, eta azken finean, daukan komunikazio modua. Parte-hartzailea izateaz gain, edukia kontatzeko moduak atzeko lanketa bat ere egon dela argi erakusten du".

Taldekideek, bestalde, ez zuten irabazterik espero eta pozik hartu dute saria. Era berean, zera gehitu dute: "Liburu batzuetan begiratzen ibili ginen emakume zientzialari batzuen gainean eta Ada Lovelace aukeratu genuen, haren lana oso interesgarria iruditu zitzaigulako. Lan handia egin dugu".

Sari banaketa, Laboratorium museoan.

Beste hainbat emakume zientzialari ere landu dituzte ikasleek haien lanetan: Angeles Albariño, Hipatia Alejandria, Inge Lehmann, Lisa Randall, Mary Agnes Chase, Marie Curie eta Mileva Maric.

Letek azaldu duenez, erronka moduan planteatu diete ikasleei eta "oso pozik" daude haiengandik jaso duten erantzunarekin. "Hori ikusita, uste dugu interesgarria izango litzatekeela lehiaketa errepikatzea. Ondo dago lanketa hauek ikasleekin egitea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Izan ere, emakumeen lana ezkutuan geratzen da askotan, ezagutzen ez den lana da eta hori ikusgarri egiteko modu bat da", azpimarratu du zinegotziak. 

Azkenik, parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte eta oparitxo bana eman diete ikasle guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak