2021eko irailean sinatu zuten Ehundu eraldaketa soziala martxan jartzeko hitzarmena, diotenez, herritar talde baten kezkatatik abiatuta eta herritarren beharrei erantzun kolektiboa emateko espazio bat behar zela ikusita. Bergarako Udala, Debagoiena 2030, Mondragon Unibertsitateko Huhezi-Lanki eta Olatukoop dira Ehunduren bidelagunak, Foru Aldundiaren babesarekin. Izan ere, lankidetza marko hau Diputazioaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatzen da. Modu honetan, lankidetza publiko-komunitarioan oinarritutako proiektuak sustatzen jarraituko dute Ehundu barruko eragileek, "herritarren beharrak asetzeko asmoz". Udalak 50.000 euro bideratuko ditu egitasmora 2023an.
Martxan diren proiektuak
Urte eta erdiko epean gauzatu diren proiektuak zerrendatu ditu Ehunduren bulegoan diharduen Ander Zangituk: "Harien bitartez sare bat eraikitzen hasiak gara. Energia burujabetzaren bidean Berener kooperatiba sortu dugu; Elikadura Mahaitik burujabetza bide-orriaren sentsibilizazioan dihardugu; azokako proiektuan eta nekazaritza proiektuan ere bagabiltza; teknologian burujabe izateko urratsak egiten ari da Zibergara taldea; hezkuntzak Herri Hezitzaileak herrira etorri behar duten familiei enbaxadore lanak egiteko sare bat dugu; eta kulturatik agenda bateratua sortu dugu".
Bestalde, Ehunduk bulego fisikoa izatearen garrantziaz dihardu Zangituk; 2022ko urriaren 27an ireki zuten bulegoa: "Herritarren eta Udalaren arteko topagune bat da. Bertatik, herrian sortutako proiektuak bideratuko eta sustatuko dira; orain bertan Debagoieneko SOS Arrazakeria taldearekin batera migratzaileendako aholkularitza eskaintzen da; baita energia arloan ere, Berenerren bidez".
Pozik orain arteko bidearekin
Orain arte egindako bidearekin pozik, hitzarmena berritzeko testuingurua badagoela ikusi eta eguazten arratsaldean Ehunduk Mizpildi kalean duen bulegoan irudikatu zuten hitzarmenaren berritzea. Askotariko arloetan aritu dira lanean, Ehunduko presidente Maddi Aspiazuren arabera: "Gaurko eta biharko korapiloei aurre egiteko arlo ezberdinetan lanean aritu dira herritarrak: kultura, hezkuntza, energia, elikadura eta teknologia, besteak beste".
Gorka Artola alkatearen arabera, herritarren lekukoa hartu zuten Ehundu sortzeko: "Gure herriak sendo eta luze irauteko egitura kontsolidatuak behar ditu, lurraldeko beharrei eta erronkei lurraldetik erantzungo dieten egitura komunitario eta kooperatiboak behar ditugu. Ikusten ari gara, beste hainbat proiektutan bezala, elkarlanak eta lan egiteko modu partekatuak aberastu egiten dituela proiektuak eta herritarrengana gerturatzen gaituztela".
Lankidetza publiko-komunitarioaren bidean sakontzeko asmoa agertu dute bultzatzaileek
Sustapena eta aholkularitza
Debagoiena 2030 ekimenaren egiteko nagusia da Debagoienean garatzen diharduten eraldaketa prozesua Ehunduren bulegoarekin konektatzea, Elena Herrarte koordinatzaileak gogoratu duenez: "Energiaren arloan eskualde mailako saretzea eta proiektu zein prototipoetako esperientziak partekatu eta elkarren osagarritasunak bilatzeko ardura dugu".
MU-Huhezi-Lanki ikertegia formakuntza prozesuen, lan metodologien eta sistematizazio lanen aholkularitzaz arduratzen da, besteak beste, eta Nagore Ipiña dekanoak adibide batekin azaldu du zein den euren egitekoa: "Elikadura Mahaitik sustatu diren hainbat ekimenetan aholkularitza eman da, eta egitura komunitarioaren eraketan lagundu dugu eta laguntzen jarraituko dugu".
Olatukoopeko Beñat Irasuegik azaldu duenez, herritarren ahalduntzearen baitan ekintzailetza kooperatiboa, ekonomia soziala eta tokiko garapena bultzatzeko formakuntzak jorratu dituzte. Aurrerantzean ere, norbanakoei eta proiektu kolektiboak abiarazi nahi dituzten herritarrei bide laguntza emango diete.