Gorputzeko atal guztiak lantzeko kirola

Mireia Bikuña 2023ko urt. 31a, 15:15

Gutxi batzuk hasi ziren AEBetan jatorria duen diziplina lantzen, 1974an. Gaur egun, milaka lagunek egiten dute 'crossfit'-a mundu zabalean, eta Debagoienean box bi daude: Arrasaten eta Bergaran. Guztira, ia 500 lagunek dihardute bi horietan. Pandemiatik hona, bilakaera handiena izan duen kirol diziplina da.

Puntua aldizkariaren 353. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Greg Glassman izeneko 18 urteko ikasle unibertsitario batek intentsitate handian egindako mugimendu funtzionaletan oinarrituko entrenamendu-programa bat sortu zuen 1974an. Ohiko errutinen ordez intentsitate handiko mugimendu funtzionaletan oinarritutako metodoarekin hasi zen lanean. Hasieran, Kaliforniako poliziarekin, ohiko errutinen ordez.

Ostean etorri ziren marinelak, suhiltzaileak eta militarrak. Entrenamendu-programa hari crossfit deitu zioten. 49 urteren ostean, Glassmanek berak erregistratutako CrossFit marka mundu zabalean hedatu da. Azken hamar urteetan gehien hazi den kirol diziplina da. Eta, crossfit-a egiten dutenen kopurua handitzen joan den heinean, hazi egin da baita ere kirol hori egiteko guneen kopurua. Crossfit-a ez da gimnasioetan egiten, crossfit-a boxetan egiten da. "Izena ingelesetik dator. Box deritzo kaxa handi bat delako, sabai altuko gela bat, zatiketarik gabea eta leku askokoa", dio ArrasateMon boxeko irakasle Aitor Telletxeak.

Bailaran bi box

CrossFit markaren pean dauden boxak 2006an heldu ziren Debagoienera. Bergaran zabaldu zuten, urte hartako urrian. Egun, 210 pertsonak dihardute han. Kirol diziplina honek izan duen hazkundearen lekuko izan dira Bergaran. "Bereziki, pandemiaren ostean igarri dugu gorakada. Hasieratik izan genuen harrera ona, baina azken bi urteak oso onak izan dira. Pertsona gehiagorendako leku fisikoa badaukagu, baina ordutegiak dira arazoa. Ordu tarte batzuetan lepo egoten da", aipatu du Bergarako irakasle Xabi Azkaratek.

COVID 19ak eragindako hasierako itxialditik irten ostean, baina, hainbat neurri murriztaile indarrean zeudela zabaldu zuten ArrasateMon boxa: 2020ko urria. Akaso, ez zen garairik onena, baina olatuaren gainean zegoen crossfit-a eta herritarrek kirola egiteko gogoa zuten. "Egun, 250 bat lagunek dihardute gurekin. %60 dira emakumeak. Hala ere, lehiatzen ibiltzen direnen artean mutilak dira gehiengoa", dio Telletxeak.

Ez dauka adinik

CrossFita entrenamendu-teknika bat da eta hainbat diziplinatako mugimenduak lotzen ditu; esate baterako, halterofilia, entrenamendu metabolikoa eta gimnastikoa. Oinarrizko gaitasunak lantzen eta garatzen dira: erresistentzia kardiobaskularra, muskulu-erresistentzia, indarra, malgutasuna, potentzia, abiadura, koordinazioa, bizkortasuna eta oreka, besteak beste. Hitz potoloak dirudite; are gehiago, jatorrian entrenamendu-teknika hau poliziak, militarrek eta suhiltzaileek erabiltzen zutela jakinda. Baina crossfit-ak ez omen dauka adinik. "Askoren ustea da crossfit-a egiten dutenak direla fisikoki ondo daudenak eta euren gorputzak fintzera joaten diren pertsonak. Estigma horren kontra borrokatu behar dugu. Crossfit-a edozein pertsonak egin dezake. Ez dauka adinik. Ez dauka mugarik. Ez dauka profilik", azpimarratu du Azkaratek. Pertsonen arteko ezberdintasuna pisuan dago. "Ariketak guztiendako dira berdinak, baina, erabiltzaile bakoitzak duen egoera fisikoaren arabera, moldaketak egiten ditugu. Gutxienez, eskolak jarraitu ahal izateko. Nork bere gorputzaren pisuarekin egiten du lan", gaineratu du Telletxeak.

Hiztegi propioa

Kirol diziplina guztiek dute berezko hiztegia. Modalitate bakoitzari lotutako berbak, esaldiak eta esamoldeak. Gehienendako aski ezagunak direnak. Bada, crossfit-ak ere badu berea, baina, kasu honetan, ingelesezko berbak erabiltzen dira ariketa bakoitzari buruz berba egiteko: burpees, snatch, clean and jerk, bar muscle up, chest to bar, dumbell... "Batzuk laburdurak dira, berba egiteko orduan,elkar hobeto ulertzeko. Glassmanek ipinitakoak erabiltzen ditugu. Ariketa bateren bateko izenak aldaeraren bat izan du, baina crossfit-en erabiltzen diren kontzeptuak unibertsalak dira. Guztiok erabiltzen ditugu berberak", azaldu du Aitor Telletxeak.

Lesioak eta luzaketak

Egiten diren ariketak ikusita, eta askotan pisu handiak mugitzen direnez, askok pentsa dezakete sarri lesionatzeko kirola dela. Eta gorputzeko edozein atal, gainera. Entrenatzaileak ez daude ados premisa horrekin. "Beste edozein kirol diziplinak dituen arrisku berberak ditu crossfit-ak. Lesio larriak gerta daitezkeela? Bai, baina beste kirol batzuetan moduan. Pausoz pauso joatea da gakoa. Tentuz ibiltzea eta entrenatzaileei kasu egitea. Alegia, buruarekin entrenatzea eta pisu egokiak mugitzea", azaldu du Azkaratek.

Eta ariketa egin aurretiko eta osteko luzaketek zein garrantzi dute? "Handia. Aurretik, muskuluak berotzeko; eta ostean, giharretako mina arintzeko. Luzaketak ez dira hasiberriendako bakarrik; guztiok egin behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak