Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako bergararren artean bakardadea neurtuko dute ikasleek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 19a, 16:48

Bergarako Udalarekin batera landutako proiektuan, Mariaren Lagundiko Lanbide Heziketako ikasle talde batek bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrak elkarrizketatuko ditu, hainbat erabilera izan ditzakeen bakardadearen gaineko diagnostiko bat helburu. Urtarrilaren 30ean hasita, telefono bidez 270 elkarrizketa egitea da asmoa.

Udalak Mariaren Lagundia ikastolako zikloetako ikasleekin arlo sozialeko lanketa egingo du zerbitzu ikaskuntzaren bitartez. "Lankidetzaren baitan ze gai landuko genituzkeen aztertu genuen bi aldeek eta bakardadearen gaiari heltzea erabaki genuen. Gaur egungo kezka orokorra da eta herriko egoera ezagutzea interesgarria iruditu zitzaigun guztioi", adierazi du Ongizate zinegotzi Zihortza Marzanek.

Udalak bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errolda dauka; 888 bergarar dira, orotara. Errolda horretako 270 pertsonako lagin batekin harremanetan jarriko dira ikasleak bakardadearen gaiari buruz hitz egiteko; betiere, sexua, adina eta bizilekua aintzat hartuta ahalik eta argazkirik osotuena izateko. Pertsona horiek gutun bat jasoko dute Udaletik, eta, ondoren, Mariaren Lagundiko ikasleek telefonoz deituko diete elkarrizketa bat adosteko. Asmoa diagnostikoa egitea da eta diagnostiko horretatik abiatuta etor daitezkeen proiektuak gauzatzea.

Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 270 herritar elkarrizketatuko dituzte ikasleek, telefonoz

Hilaren 30etik aurrera

Mariaren Lagundiko irakasle Maite Usabiaga ari da proiektua koordinatzen eta eguazteneko prentsaurrekoan azaldu zuen zein izango den prozedura. "Bakarrik bizi diren pertsonekin hasiko gara. Bakardadea sentimendu bat da, eta, beraz, neurtzeko zaila. Horregatik, teorizazio-lan mardula egin dugu, bakardadea zer den ondo zehaztetik hasita".

Diagnostikoak honako fase hauek izango ditu: gaiaren parte teorikoa aztertzeko, iritzia jasotzeko metodologia eta tresnak prestatzeko diseinu-fasea amaitu berri dute eta urtarrilaren 30etik aurrera iritzi-jasotzea abiatuko dute adineko pertsonekin elkarrizketak eta parte-hartze saioak eginez; amaitzeko, ondorioak aterako dituzte eta horiek herritarrei jakinaraziko dizkiete. Usabiagak herriari egingo dioten ekarpena azpimarratu du: "Hezkuntza sistemak, oro har, eta ikastolak duen erronka bat da komunitatera irekitzea, eta lankidetza hau aukera paregabea iruditzen zaigu horretarako; herria hobeto ezagutu eta zerbait eskaintzeko aukera izango dute".

"Berehala" konektatu dute

Usabiagaren arabera, ikasleek "berehala" konektatu zuten gaiarekin, bakardadea zer den jakiteko ez dagoelako zertan 65 urtetik gorako herritarrengana jo; gazteek ere ezagutzen dute-eta bakardadea. "Ikasleentzako erronka oso polita, interesgarria eta aberatsa da. Etorkizuneko profesionalak sortzen ari gara, kolektibo honen arretan lan egingo dutenak, eta esperientzia honek asko jantziko ditu. Izan ere, gizarte arloko Lanbide Heziketako modulu bi eskaintzen ditu Mariaren Lagundiak eta parte hartuko duten ikasleek ziklo amaierako lana egingo dute proiektu honekin. "Ikasle hauek herri mailako proiektuetara begira lanean jartzea Bergararentzat oso aberasgarria izango da", uste du Usabiagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak