Gabonak ate joka direla, hitzordu ugari izango dituzte egunotan bergararrek disfrutatzeko, Bergarako Udalak prestatutako egitarauarekin. Izan ere, ohiko ekitaldiak bueltan dira Gabonak girotzeko. Hori horrela, abenduaren 24an, zapatua, Olentzero eta Mari Domingi izango dira eguneko protagonista nagusiak bailara osoan, eta Bergaran ere ez dute hutsik egingo. Lehenengo geldialdia San Martin plazan egingo dute, eguerdi aldera, eta bertan ongietorria egingo diete; hala ere, herriko beste zenbait lekutan ere izango dira haurrei poztasuna eroaten eta, bide batez, txikienen gutunak jasotzen.
Auzoetan eta herriko plazan
Zapatuan, 12:30ean, Olentzero eta Mari Domingi San Martin plazan izango dira, eta 18:00etan udaletxeko atarian haurren gutunak jasoko dituzte. Osintxura, berriz, 19:00etan iritsiko dira. Olentzero menditik jaitsiko da orduan, eta harekin bat egingo dute umeek zubian. Angiozarren, aldiz, goizean goiz kantuan eginez hasiko dute eguna bertako bizilagunek. Hain zuzen ere, 08:45ean, Olentzero kantua abestuko dute auzotarrek, plazatik irtenda, eta Angiozar bailarako auzo guztietara joango dira, eta Olentzero 19:00etan iritsiko da Angiozarko plazara. Hitzordu horiekin guztiekin batera, egunean zehar herriko umeek kantuan egingo dute Bergarako kaleetan.
Alaiberriren Gabon kantuak
Kantuarekin jarraituz, abenduaren 24an, Alaiberri taldea osatzen duten kideek kantu emanaldia egingo dute. 18:00etan hasita, Gabon kantuekin eta bestelakoekin osatutako errepertorioa eskainiko dute herriko kaleetan. Alai taldeak bere ibilbide luzeari amaiera eman zion maiatzean egindako 50. urteurren ekitaldian, eta orain, talde horretako zenbait laguni kide berriak batu zaizkie, eta horrela sortu dute Alaiberri. Hala, ondoen dakitena demostratzera irtengo dira Bergarako kaleetara: kantatzera, hain zuzen ere.
Erakusleiho lehiaketa
Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreraz gain, eta izango diren kantuez gain, Gabon hauetan ez du hutsik egin Bergarako erakusleiho lehiaketak, beste urte batez. Gabonetarako apaindu dituzte erakusleihoak Bergarako merkatariek, eta sariak banatu dituzte.
Aurten, Gabonetako erakusleiho lehiaketan hamar merkataritza establezimenduk hartu dute parte, eta irabazleak hautatu eta sariak banatu dituzte, Ainhoa Lete alkateorde eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziaren eskutik. Sari guztiak Bergarako komertzioetan gastatzeko bonuetan eman dira. Izeder Eskulanak izan da Gabonetako erakusleiho lehiaketako irabazle nagusia. Banatutako lau sarien artetik bi jaso ditu. Lehen saria –ziurtagiria eta 350 euro– eta herritarren saria –ziurtagiria eta 50 euro–. Udal webgunearen bitartez 313 herritarrek eman dute botoa abenduaren 13a eta 18a bitartean, eta horietatik 124k hautatu dute Izederko erakusleihoa. Bigarren saria, berriz, Gorosti loradendak jaso du –ziurtagiria eta 300 euro– eta hirugarrena Mirari arropa-dendak –ziurtagiria eta 200 euro–. Epaimahaia Herritarren batzordeak, Bergarako merkatarien Bedelkar elkarteak, Beart Bergarako arte elkarteak eta Gipuzkoako Bazkundeak izendatutako pertsonek osatu dute, eta saridunak hautatzeko kontuan hartu dute publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna, argiztapena, berrikuntza eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera.