"Garaira egokitutako eta anbizio handiko" aurrekontuak onartu dituzte Bergaran 2023rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 20a, 16:35

30.565.086 euroko aurrekontua onartu du Bergarako udalbatzak 2023rako. Udal Gobernuaren proposamenean inbertsio gaitasuna mantentzea lortu da, nahiz eta, diotenez, egungo egoera politikoak eta ekonomikoak eragin zuzena izan duen gastu arruntetan.

"Gaur egungo errealitatera egokitutako anbizio handiko" aurrekontuak dira, EH Bilduren ustez. "Berdintasuna, ingurumena, auzoak, gizarte zerbitzuak... Badaude arlo batzuk guretzat inportanteak direnak eta saiatu gara horietan indarra jartzen, gainerakoak ahaztu barik. Oreka horretan ahalegindu gara anbizio handikoak diren aurrekontu errealista batzuk aurkezten eta onartzen", adierazi du EH Bilduko eledun Nagore Iñurrategik.

EAJ: "Konfiantza falta bat eragin digu Udal Gobernuak"

Azken bi urteetan abstenitu ostean, 2023rako proposamenaren aurka bozkatu zuen EAJk. Besteak beste, konfiantza falta izan da jeltzaleen ezezkoaren arrazoietako bat. "2022ko konpromisoetarako akordioaren exekuzio-maila ze eskasa izan den ikusita konfiantza falta batetik gentozen 2023rako negoziazioetara. Horrez gain, ikusten genuen gure proposamenetako asko 2022an beteta egon beharko liratekeela [...]. Garrantzitsua da proiektua idatzita uztea; adibidez, diru-laguntza deialdi bat balego ez genuke Martokoa berritzeko proiekturik izango", dio EAJko bozeramaile Maite Agirrek. 

EH Bildu: "EAJren proposamena negoziaezina zen"

Hain zuzen ere, jeltzaleek joan den astean eman zuten euren proposamenaren berri. Martokoa kalea berriro urbanizatzea, Simon Arrieta plaza berritzea, Agorrosin begirako bigarren fasea idaztea eta subiranotasun energetikorako hiru proiektu garatzeko 3.100.000 euro bideratzea proposatzen zuten, besteak beste. EH Bildurentzat, baina, negoziaezina da proposamen hori. "Bost milioi euroko inbertsio gaitasuna dugu eta 3.100.000 euro baldintzatzen zituen proposamena da jaso duguna. Denbora larregi barik jaso dugu eta uste dugu ez dela serioa. Onartu ezkero nondik kendu beharko genuke? Boluko malda egonkortu barik geratuko ginateke? Masterreka berritu barik? Oinarri teknikorik gabeko eskaerak jaso ditugu, negoziaezinak", dio Iñurrategik.

Horrez gain, Iñurrategik azpimarratu zuen 2019tik 2022ra Udalaren egoera ekonomikoa hobetzea lortu dutela, bereziki zor bizia murriztuta. 2019an 5.855.941 eurokoa zen zorra eta 2022an 4.822.205 eurokoa da. Bestalde, 2023rako proiektu esanguratsuenen artean daude, besteak beste, Masterreka berritzera bideratuta 820.000.000 euroak eta Arrizuriaga kultura ekipamendu egiteko 510.000.000 euroak.

AURREKONTUETATIK NABARMENTZEKO INBERTSIOETAKO BATZUK:

Deskribapena

Urtea

2023ko Aurrekontua

HERRIGUNAREN ZOLADURA

2023

200.000,00

JOLAS PARKEAK

2023

50.000,00

UDAL ERAIKINAK- ZERBITZU OROKOR

2023

150.000,00

MANTENUKO PROGRAMA INFORMATIKOA

2023

80.000,00

URBANIZAZIOAK - (MASTERREKA, …)

2023

820.000,00

BIDEGORRIAK ETA MUGIKORTASUNA - (BUS GELTOKIA - ESKUSARTE)

2023

450.000,00

AUZOETAKO AZPIEGIT -URBANIZAZIOAK

2023

100.000,00

OSINTXUKO PLAN BEREZIA - ARI

2023

30.000,00

BASERRI BIDEAK ETA KUNETAK

2023

200.000,00

BOLUKO MALDA

2023

200.000,00

AUZOETAKO BIRGAITZE PROIEKTUAK

2023

30.000,00

LUR EROSKETA-INGURUMENA

2023

30.000,00

INGURUMENKO PROIEKTUAK

2023

149.000,00

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK (PLAKAK)

2023

175.000,00

KULTUR LOKALAK (ARRIZURIAGA)

2023

510.000,00

AUZOETAKO FRONTOIAK

2023

25.000,00

KIROL INSTAL FRONTOIA (UDAL PILOTALEKUA, NEXT GENERATION ETORRIKO BALITZ)

2023

780.000,00

AZOKA ELKARREKIN

2023

230.000,00

ETXEZ ETXEKO ZERBITZUA

2023

1.060.000,00

GAZTELEKUA, LUDOTEKA

2023

329.000,00

KANPO KONTRATAZIOA - BERDINTASUNA (ADIBIDEZ EMAKUMEEN ETXEA SORTZEKO PARTE HARTZE PROZESUA)

 

47.000,00

OHZren DIRULAGUNTZA PROGRAMA

 

20.000,00

Bestalde, 2019a ezkero Udal Gobernuarentzat "lehentasunezkoak" diren arloetan izandako igoeren berri ere eman dute:

  • Berdintasunean 159.920 euro izango da aurrekontua; 2019an baino % 173,08 gehiago.
  • Gizarte zerbitzuetan, 2023an 2.680.212 eurokoa;  2019an baino % 42,84ko gehiago.
  • Garapen ekonomikoan,  793.251 eurokoa izango da aurrekontua; 2019 urtetik  % 48,64ko igoera.
  • Kulturan 1.412.098 eurokoa; % 72,44eko igoera 2019tik 
  • Auzoetan, 2023an 861 000 euro, %78 gehiago 2019an baino.  Baina zintzoak izanda hauetako 195 000 euro boluko maldaren egonkortzerako dira. Beraz auzoetara zuzenean 2019an baino %38 gehiago bideratuko da.
  • Ingurumenean, %25,9ko igoera. Baina benetan ingurumen eta biodibertsitatera bideratutako die auren 770.000 euro. %58ko gehiago 2019arekiko.

Kaleko katuen zaintzarako hitzarmena

Gai zerrendako beste puntuetako bat izan zen kaleko katuen gainpopulazioa ekiditeaz eta haien zaintzaz arduratzeko sortu zen Katuzo elkartearekin hitzarmena onartze. Bertan izan ziren elkarteko kideak eta oso pozik daude hitzarmena aho batez onartu zelako. "Esterilizazioa, txertatzea, jana eta etxola batzuk egokitzea, eta behar dutenean albaitariarengana eroatea da helburua; zorioneko gaude udalbatzak hitzarmena aho batez onartu duelako.

Mozal Legea salatzeko elkarretaratzearen bueltako eztabaida

Amaitzeko, galderen eta eskaeren tartean, Xaxauk Mozal Legea salatzeko elkarretaratzearen bueltan eztabaida izan zen, EAJk gaia atera ostean. Jeltzaleek lege horren kontra daudela esateaz gain, alkateari leporatu zioten isuna tramitatu izana; horren aurrean alkateak adierazi zuen “asko” kezkatzen diola zinegotzi batek adierazpen hori egin izana, tramitazio horiek Udaletik “erabat kanpo” daudela ez dakiela erakusten duelako nabarmen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak