Zubieta kalea berritu ostean, Masterrekaren txanda da orain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 15a, 16:16

Bergarako Zubieta kaleari pintaketa-lanak eta azken ukituak falta zaizkio trafikora zabaltzeko. Ardatz osoa berriro urbanizatzeko hirugarren fasea izango den Masterreka kaleko lanak urtarrilaren 9an hasiko dituzte, eta obrek sei hilabete irautea dago aurreikusita.

Amaitzear dira Zubieta kalea berritzeko obrak. Eguraldiak ahalbidetzen duenean pintaketa-lanak eta bestelako azken ukitu batzuk egin ostean trafikora zabalduko da ia urtebetez itxita egon den kalea. Zubieta kaleko lehen bi faseekin pozik dago Udala. "Obra batek nahitaez eragiten ditu afekzioak, baina uste dut oso ondo joan dela. Udalaren, enpresa kontratatzailearen [Zubieder enpresa ari da lanean] eta herritarren arteko komunikazioa oso ona izan da; obra eremuan ia une oro bermatu dira irisgarritasuna eta atarietarako sarbideak. Kale berrituaren emaitza laster ikusi ahalko da", adierazi du Gorka Artola alkateak.

Masterreka, are estuagoa

Zubieta berrituta, orain Masterreka berritzeko unea heldu da. Eguazten iluntzean deitu zuen Udalak bilera irekia Masterrekako bizilagunekin, informazioa partekatu eta bizilagunen zalantzak argitzen saiatzeko. Urtarrilaren 9an hasiko dira lanak, eta Masterrekako obran Zubietan baino zailtasun handiagoak aurreikusten dituzte. "Zubieta kale estua da, baina Masterreka are estuagoa da. Horrek antolaketa konplikatzen du; bi aldeetan daude etxeak eta kalea erabat ixtean zirkulazioan izango duen eragina nabarmena izango da; hurrengo asteetan jakinaraziko diegu herritarrei nolako eragina izango duen trafikoan, baina herri osoan izango du eragina, neurri baten", dio Artolak.

Trafikoan izango duen eragin zehatzaren berri aurrerago emango zaie herritarrei, baina Udalaren asmoa da Bolutik behera datozen ibilgailuak Barrenkaletik sartu eta Irizar jauregitik bodegoi aldera eta Bideberretik behera egitea, ordurako Zubieta zabalik egongo delako. Bolura igotzeko, berriz, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekalea eta Arruriaga kaletik joan beharko da.

Infernukuatik gora hasiko dira

Masterrekako lanen hasiera-eguna urtarrilaren 9rako dago aurreikusita, Infernukuako bidegurutzetik gora. Bi fasetan gauzatuko dira lanak: hasierako fasean, errepidearekin eta kale aldera ematen duen espaloi zatiarekin hasiko dira; eta, ondorengo fasean, Egino-Mallea jauregiaren eta Masterreka kalearen arteko estugunea eta beste aldeko espaloia egingo dute.

Obrak sei hilabete irautea aurreikusten dute, eta eragin kaltegarria arintzen saiatzeko "hainbat neurri" aurreikusi ditu Udalak: beira-hondakinen eta herri-busaren geltokia lekuz aldatuko dute; emergentziazko zerbitzuak abisatu dituzte sarbidea bermatzeko; norbaitek anbulantzia zerbitzua beharko balu, Udalari jakinarazita sarbidea bermatuko zaio; Bideberri kalean zamalanetarako erabilera emateko bi plaza egokituko dira; garaje moduan erabiltzen diren lokalen ibi iraunkorra ez dute kobratuko; fatxadaren altxaera egitea nahi du Udalak, obren eragina neurtua izan dadin; lanak aste barruan eta ordutegi zehatzetan egitea aurreikustean da, eta, astebururen baten edo gauez emergentziaren bategatik lan egin beharko balitz, bizilagunei jakinaraziko litzaieke; zarata legezko mugetan egon dadin jarraipena egingo da; eta Udalak maiztasunez emango die herritarrei obraren inguruko informazioa.

Eguazteneko bileran azpimarratu zutenez, Zubieder enpresak bulegoa du Masterrekako 16. zenbakian; bertan erreklamazio-orriak egongo dira, ekarpenak egin eta zalantzak argitzeko. Era berean, udaletxeko bulego teknikora ere bideratu dituzte herritarrak: 943 77 91 38.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak