Lau proiektutan jarri du arreta Bergarako EAJk 2023ko udal aurrekontuetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 13a, 17:44

EAJko zinegotzi Maite Agirre, Angel Murgiondo eta Martin Etxaniz, artxiboko irudi baten. Argazkia: EAJ.

Abenduaren 19ko osoko bilkuran onartzekoak diren 2023ko udal aurrekontuen bueltan EAJk lau proposamen egin dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari. Horrez gain, 2022ko aurrekontuetako konpromisoen gaineko irakurketa berri bat ere egin dute jeltzaleek: "Ez dituzte konpromisoak bete. Ez dute inongo lanketarik egin eta orain, urduritasunak medio, lanean hasi dira, korrika eta presaka, hauteskundeak ate joka daudelako. Non egon dira orain arte?".

Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena "proiektu eta anbiziorik gabea" da, jeltzaleen arabera: "EH Bilduren Udal Gobernuak ez du inongo proiektu berritzailerik aurkeztu, ezta inolako planifikaziorik beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko, tartean, San Martin plazaren eta  Bidekurutzeta kalearen eraberritzea. Proiektua aurreko agintaldian idatzita utzi genuen eta orain finantzazio plana egiteko unea iritsi da. Horrek, ordea, bere lanketa behar du, eta tamalez, gobernuak ez du horretarako gaitasunik. Gauza bera gertatzen da, Amillaga edota frontoiko obrarekin".

2023rako lau proposamenak

2023ko aurrekontuei begira lau proposamen lehenetsi dituzte jeltzaleek: Martokoa kalea berriro urbanizatzea, Simon Arrieta plaza berritzea, Agorrosin begirako bigarren fasea eta subiranotasun energetikoa. Martokoa kaleari dagokionez, diote jeltzaleek "agerikoa" dela ardatz horrek eraberritzeko duen beharra: "Agerikoa da San Antoniotik Zubiaurrera bitarteko urbanizazioak dituen gabezia eta beharrak. Gobernuak ez du 2022an proiektuaren idazketa egiteko konpromisoa bete. Horregatik, 2023an atzerapenak gainditu eta proiektuaren idazketaz gain, lizitazioa eta obrak martxan jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Horretako 900.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu".

Simon Arrieta plazaren inguruan ere askotan kexatu izan dira: "2022an proiektuaren idazketa egiteko konpromisoa ez du bete gobernuak. Horregatik, 2023an atzerapenak gainditu eta proiektuaren idazketaz gain, lizitazioa eta obrak martxan jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Horretako 900.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu".

Agorrosin futbol zelaiari begira ere proposamena du EAJko udal taldeak: "2023an futbol zelaiaren bigarren faserako pleguen idazketa egitea proposatzen dugu. Horretarako 50.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu. Era berean, 2024an bigarren fasearen exekuzioa gauzatzeko konpromisoa hartzea ere eskatzen dugu. Horrez gain, Agorrosingo futbol zelaiaren egoera kontuan izanda eta hirugarren fasea egiteke geratzen dela ikusita, elkarlanerako mahai bat eratzea proposatzen dugu, BKErekin gogoeta egin eta planifikazioa lantzeko".

Eta, azkenik, subiranotasun energetikoan ere jarri dute arreta bereziki; diote, agintaldi honetan "ezer gutxi" egin da gai honi dagokionean, eta horregatik hiru proposamen mahai gaineratu dituzte. Lehena, District heating delakoa: "Aurreko agintaldian martxan jarri zen hausnarketa garatzea eskatzen dugu, Udalaren kontsumoaren gastua kudeatzeko sistema egokia. Horretarako 500.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu". Bigarrenik, diru-laguntza partida bat zehaztea nahi dute jeltzaleek: "Teilatua konponduko duten etxebizitza edo eraikuntzetan, baita pabiloi industrialetan ere, eguzki plakak ipintzeko iniziatibei bultzada emateko. Horrez gain, fibrozementua kentzea erabakitzen dutenei, diru laguntza handitzea proposatzen da. Horretarako 300.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu". Eta, hirugarrenik, eguzki plakak udal eraikinetan jartzeko azterketa egitea eta instalazioarekin 2023an hastea eskatzen dute: "Hala, ezinbestekoa izango da udal gobernuak lidergoa izatea eta diru partida bat izendatzea. Horretarako 500.000 euroko partida bideratzea eskatzen dugu".

2022ko konpromisoen gaineko irakurketa berri bat

Bestetik, 2022ko aurrekontuetan Udal Gobernuarekin adostutako konpromisoen inguruan irakurketa berri bat egin du EAJk: "Udal medioak erabilita, egindako adierazpenak ez datoz bat errealitatearekin. Izan ere, argitaratutako oharrean 12 konpromiso azaltzen zituzten, eta 2022an EH Bilduk eta EAJk 13 konpromiso sinatu zituzten. Bat ahaztu ote zitzaien?.  Horrez gain, beste hainbat adostuak direla esan arren, ez da horrela izan, aldebakarreko erabakiak izan dira. Eta beste askotan, esaterako, hileta zibilen kasuan, jakin ere ez genekien ordenantza berriak lantzen ari zirenik". Eta gaineratu dute: "Orokorrean EH Bilduren udal gobernuak ez ditu inondik inora hartutako konpromisoak bete. Ez dute inongo lanketarik egin eta orain, urduritasunak medio, lanean hasi dira, korrika eta presaka, hauteskundeak ate joka daudelako. Non egon dira orain arte?".

Beste salaketa bat ere egin diote EH Bilduren Udal Gobernuari: "Medioak erabiltzen ari dira hauteskunde kanpainari begira; interesatzen zaien bakarra da eztabaidarik ez egotea. Ez dute zaratarik atera nahi, hankarik ez sartzeko. Herritarrak isilik jarraitzea nahi dute, baina bergararrak ez dira inozoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak