Bergarako Udal Gobernua: "EAJren informazioan zuzenak ez diren hainbat puntu aipatzen dira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 23a, 19:05

Bergarako Udal Gobernuko Ekaitz Aranberri, Ainhoa Lete, Gorka Artola eta Nagore Iñurrategi, iazko martxoko agerraldi baten.

Bergarako Udal Gobernuak EAJk gaur goizean egindako agerraldian adierazitakoen inguruan "hainbat gauza" argitu nahi izan ditu: "Ezezagutzak edo beste zerbaitek eraginda, emandako informazioan zuzenak ez diren hainbat gauza aipatzen dira. Udal Gobernuaren ustez bergararrek merezi dute udal ordezkarien aldetik informazio zuzena jasotzea; halaber, ordezkari instituzionalei dagokie herritarrak seriotasunez tratatzea, eta zuhurtziarekin jokatzea, eta ez okerrak diren informazioak zabaltzea".

Hori horrela, Bergarako EAJk aurkeztutako konpromisoak puntuz puntu erantzun ditu Udal Gobernuak:

1.-Konpromisoa: Udal eskumenen barruan Bergarako jaiotze-tasa igotzeko egin daitekeenaren inguruko azterketa egiteko 10.000 euroko diru izendapena mantentzea eta martxoa aurretik azterketa bideratzea.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Bi taldeek urriaren 5ean egindako bileran ez egitea adostu zuten".

2.- Konpromisoa: Bergaran hileta zibilak egin ahal izateko arautegia berritzeko prozesua martxan egonda, horretarako espazio propio egokiak identifikatu eta beharrezko egokitzapen azterketarako 10.000 euroko diru izendapena jasotzea eta beharrezko egokitzapenetarako 80.000 euro gerakinetik bideratzeko konpromisoa hartzea.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Eraikina egokitzeko diru partida maiatzeko osoko bilkuratik pasa zen, eta 100.000 euro gehitu ziren. 185.000 euro gorde dira hori egiteko, Laboratorium ondoko antzinako zalditegian. Ordenantza berria ere lantzen ari da".

3.-Konpromisoa: Martinez de Iralako estalkia hornitu ondoren herrigunean jolas toki estali berri bat egiteko proposamena ontzat emanda gai honen lanketarako talde bat sortu eta exekuziorako gerakinetik 100.000 euro bideratzeko konpromisoa hartzen da.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Azaroaren 15ean egindako Lurralde batzordean esleitu da proiektua, halaber, lan-taldea sortzea adostu zen, bizilagunekin gaia lantzeko. 100.000 euro 4. kreditu aldaketan bideratu ziren, eta beste 100.000 euro bideratzea proposatuko da hurrengo osoko bilkuran.

4.- Konpromisoa: 2021eko azaroko ohiko udalbatzan haur eta gazteek jasandako sexu-abusuen inguruan aho batez onartutako mozioan jasotako konpromisoei erantzun asmoz ekimenak martxan jartzeko 7.000 euroko diru izendapena jasotzea eta berariaz lanketa hori bideratzeko taldea sortzea.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Sailean artean, elkarlanean heldu zaio gaiari. Proposamen ezberdinak aztertu ostean, hezkuntza mahaiari azaroaren 28an gaia lantzeko proposamena egingo zaio; proposamen honek ikastetxeetan trebakuntza emateko aukera barne biltzen du, eta aldi berean gai honetan hezkuntza komunitatea sentsibilizatzen hastea ekarriko du".

5.- Konpromisoa: Hirugarren adinera bideratutako etxez-etxeko zerbitzua gaueko zerbitzura zabaltzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartzea: zerbitzuaren beharra, egokitasuna, bideragarritasuna, balizko baldintzak… aztertu ondoren garatzea erabaki ezkero 2022. urteko aurrekontuari begira garatu ahal izateko.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Zerbitzua martxan dagoen beste udal batzuetan informazioa eskatu da; lanketa hasita dago, hortaz".

6.- Konpromisoa: Kartera maparen garapenerako baliabideak doitzea: 2021eko aurrekontuetatik konprometituta geldituko liratekeen 100.000 euroez gain, 2022. urterako 75.000 euro eguneko zentro arineko zerbitzua eskaintzera bideratzea, eta beste 25.000 euro karteraren garapeneko hainbat ekintza bideratzera. Mankomunitatean kartera garapenerako lanketa bultzatu eta beharrezkoak izango diren hitzarmen eta akordio markoak bultzatzeko konpromisoa erakusten dute bi aldeek.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Gizarte Zerbitzuetako karteraren garapenaren lanketa Mankomunitatearen esku dago, eta hau aldi berean Foru Aldundiak egiteko konpromisoa hartutako lanketa batek baldintzatuta dago. Gipuzkoa osoan doa motel. ‘Arin’ dependentzia arina duten adineko pertsonei bideratutako zerbitzua dagoeneko martxan dago".

7- Konpromisoa: Boluko luiziaren ondoren malda egonkortzeko proiektuaren exekuzioa beharrezko dela argi izanda, beharrezkoak diren akordioak bideratu eta proiektuak jasotako 2. fasea exekutatzeko konpromisoa hartzea. Horretarako beharrezko finantzaketa bermatzeko 200.000 euroko diru-izendapen gehigarria jasotzea 2022ko aurrekontuetan.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Bigarren fasea bukatzear dago. 2023ko aurrekontuetan hurrengo faserako diru partida gordeko da".

8- Konpromisoa: Martokoa aldeko urbanizazioaren inguruko lanketa jarraitu, Udalak eskuartean duen aurreproiektua garatu eta proiektuaren idazketa 2022ko lehen sei-hilekoan bideratzeko konpromisoa hartzea. Proiektuaren garapenerako 2021eko gerakinetik 250.000 euro bideratzeko konpromisoa hartzea.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: Martokoko bizilagunekin bilera epe laburrean egingo da, eta publikoa da. Bertan jasoko dira urbanizazioari buruz dituzten iritzi eta ekarpenak. Maiatzeko plenotik pasatutako 4. kreditu aldaketan 40.000 euro hartu ziren gerakinetik.

9.- Konpromisoa:  Simon Arrieta plaza bizilagun-komunitatearekin batera kofinantzatuta berrurbanizatzeko proposamena lantzeko konpromisoa hartzea, bertako irisgarritasuna eta eraikinen isolamendua bermatu eta ingurua berritzeko asmoz. Lanketa horretarako beharrezko litzatekeen aurreproiektua lantzeko 15.000 euro bideratuko dira hirigintzako proiektuak partidatik.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Hartutako konpromisoetatik oraindik heldu ez zaion gai bakarra da, bizilagunen ordezkariekin bilera jartzekoa da Gobernua, bizilagunek ere parte hartu beharko lukete berrurbanizazioan. Konponbidea ez da erraza, baina laster hasiko da lanketa".

10.- Konpromisoa: Elorregi auzoan, besteak beste Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun saila, eta Oñatiko eta Arrasateko udalekin elkarlanean komun bat ezartzeko aukera landu eta bergararron interesaren aldeko proiektua izan dadin lan egiteko konpromisoa hartzen da. Lanketa horretan sor daitezkeen gastuetarako gerakinetik 50.000 euro bideratuko dira.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Maiatzeko plenotik pasatutako 4. kreditu aldaketan 50.000 euro hartu ziren gerakinetik. Proiektu teknikoaren lidergoa Oñatiko Udala eramaten ari da, eta Arrasateko, Oñatiko eta Bergarako Udalek eta Foru Aldundiak sinatuko luketen hitzarmen zirriborroa oso aurreratuta dago. Proiektuaren xehetasunak irailean argitaratu ziren hedabideetan".

11.- Konpromisoa: Zabala Etxeko fatxada balioan jartzeko aukerak aztertzea interesgarria dela iritzita, aukerak aztertzeko 5.000 euroko diru-izendapena jasoko da.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Diru-izendapen horretaz gain, 2023rako 40.000 euro jarri dira. Fatxadaren kokapen posible bat lantzen ari da Udala eta lanketa tekniko-juridikoa aurreratu ahala azalpenak emango dira".

12.- Konpromisoa: Udala eta udalerria subiranotasun energetikoaren bidean jartzeko helburua konpartitzen dugu eta bide horretan sendo lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, Udala, herritar eta herriko eragileen arteko elkarlana sustatuz. Aurrekontuetan jasota dauden 40.000 euroko partidaz gain, 2021eko gerakinetik 110.000 euroko gutxieneko bat helburu hauetara bideratzeko konpromisoa hartzen dugu. 2022an gutxienez 150.000 euro.

  • Udal Gobernuaren erantzuna: "Berener Bergarako Energia Komunitatea sortzear da Ehunduren bitartez. Horrez gain, Agorrosin kirolguneko teilatuan eguzki plakak jartzeko lanketa hasita dago. Maiatzeko plenotik pasatutako 4. kreditu aldaketan 110.000 euro hartu ziren gerakinetik. 150.000 euroko partida osatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak