Bergarako EAJ: "EH Bilduk ez du bere hitza bete 2022rako adostutako proiektuekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 23a, 13:01

Bergarako EAJk salatu du agintaldia amaitzear dagoenean 2022rako EH Bilduren Udal Gobernuarekin adostutako konpromisoak ez direla bete. Konpromiso horiek bete ez izana behar moduan arrazoitu ez dietela iritzita, jeltzaleek uste dute EH Bilduren "kudeaketarako eta proiektuak aurrera eroateko gaitasun eza" dela arrazoi nagusia.

Martokoa kalea berriro urbanizatzea da jeltzaleendako lehentasunezko konpromisoetako bat eta horregatik egin dute prentsaurrekoa bertan gaur goizean. Gainerako hamabi konpromisoen artean azpimarratu dituzte, besteak beste, gaur egun Oxirondo azoka ondoko plazatxoan egiten diren hileta zibiletarako espazio duinago bat egokitzea eta umeendako jolas toki estaliak egiteko lanketa abiatzea. Izan ere, Boluko lur-jausia egonkortzeko lanak abiatu izana da, jeltzaleen arabera, Udal Gobernuak bete duen konpromiso bakarra.

Konpromisoen gaineko honako irakurketa egin dute jeltzaleek prentsa ohar bidez:

  1. Konpromisoa: Jaiotza tasa igotzeko azterketa egitea. EAJren irakurketa: "Ez da egin eta ez da egingo Eusko Jaurlaritzak atera duen berriaren ondoren".
  2. Konpromisoa Hileta zibilak egin ahal izateko espazio propioa izatea Bergaran, eta gerakinetik 80.000 euro bideratzea lekua aukeratu eta egokitzapen lanak egiteko. EAJren irakurketa: "Ez da egin".
  3. Konpromisoa:Jolas toki estali berri bat egiteko lanketarako talde bat sortu, eta horretarako 100.000 euro bideratu. EAJren irakurketa: "Ez da lanketarako talderik sortu".
  4. Konpromisoa: Haur eta gazteek jasandako sexu abusuen inguruko ekimenak martxan jarri eta horretarako 7. 000 euro bideratu. EAJren irakurketa: "Udal Gobernuak azaldu du ez dela bere eskumena eta ez da egin".
  5. Konpromisoa:Hirugarren adinera bideratutako etxez-etxeko zerbitzuari gaueko zerbitzura gehitzeko aukera aztertu. Azterketa egoki ikusiz gero proba pilotua martxan jartzea, ondoren 2023an zerbitzua bera martxan jartzeko helburuarekin. EAJren irakurketa: "Ez da egin".
  6. Konpromisoa:Kartera mapa garatzeko baliabideak doitzea. EAJren irakurketa: "Udal Gobernuak ez du gaiaren inguruko informaziorik eman".
  7. Konpromisoa:Boluko luizia. EAJren irakurketa: "Martxan da".
  8. Konpromisoa: Martokoa aldeko urbanizazioaren inguruko lanketa: proiektuaren idazketa 2022ko lehen sei-hilekoan bideratzeko konpromisoa hartu zuen Udal Gobernuak. EAJren irakurketa: "Ez da egin".
  9. Konpromisoa:Simon Arrieta plazaren berritzea lantzeko konpromisoa, irisgarritasuna eta eraikinen isolamendua bermatzea; proiektua idaztea. EAJren irakurketa: "Ez da egin".
  10. Konpromisoa: Elorregi auzoan komunak ipintzeko konpromisoa. Gerakinetatik 50.000euro. EAJren irakurketa:  "Ez da diru izendapenik egin".
  11. Konpromisoa: Zabala etxeko fatxada jartzeko azterketa egitea. EAJren irakurketa: "Ez da egin".
  12. Konpromisoa: Udalean eta udalerrian subiranotasun energetikorako bidean jartzea. EAJren irakurketa: "Ehunduren bitartez Udala ari da komunitatea sortzen, baina Udal eraikinetan ez da ezer gauzatu".
  13. Konpromisoa: COVID 19ak eragindako baldintza ekonomiko eta sozial zailei erantzuteko 40.000 euro bideratzea. EAJren irakurketa: "Ez da inolako diru-laguntza programarik atera".

Beste proposamen batzuk ere bai

Bestelako proposamen batzuen berri ere eman dute jeltzaleek, hala nola, Arrizuriagan kokatuko den Emakume Txoko berriaren barruan bularreko minbizia ikusarazteko Kattalin elkarteari leku bat uztea, Simon Arrieta plaza berriro urbanizatzea, herri-busean garraio deskontuak ezartzea eta Bergara ere trantsizio energetikorako Ekiola kooperatiban sartzea. Diote proposamen horiek ere ez direla aintzat hartu eta 2023ko aurrekontuen negoziaziora eroango dituztela, nahiz eta, diotenez, 2022ko konpromisoak bete ez izanak eragina izango duela negoziazio horietan.

Hala, abenduaren 19ko osoko bilkuran landuko diren agintaldiko azken aurrekontu hauei begira "elkarlanerako gune bat" sortzeko eskatu dio EAJk EH Bilduri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak