Etorkizunean izan ditzaketen erronkei erantzuteko asmoz, Toki Entitate Txikia izateko prozesua abiatu zuen iaz Angiozar Bailarako Batzarrak; are gehiago, martxoan herri galdeketa egin zuten, baina Gipuzkoako EH Bilduk salatu duenez, ezin izango du eskuratu, bostehun biztanle baino gutxiago izateagatik.
Talde politikoak jakinarazi duenez, desanexiorako aukera dute frankismoan udalerria izan eta anexioa nahitaezkoa izan zuten herriek, baina horrez gain EH Bilduk eskatu du beste irizpide historiko batzuk ere kontuan hartzeko. Dena den, azaldu du EAJk eta PSEk atzera bota dutela proposamena.
Lanean jarraituko du
Hain justu, gai hau lurraldeko udal barrutiak arautzen dituen foru arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko sortutako ponentziaren tramitazioan landu da, eta orain, txosten hori bera dagokion batzarrean landuko dute. Hortik, Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dute, eta Batzar Nagusietako osoko bilkurara, behin betiko proposamenarekin.
Dena den, EH Bilduk ohartarazi du Gipuzkoako herriguneek beren estatusa erabaki dezaten lanean jarraituko dutela, Angiozarko egoera kasu, "herritarren gehiengoaren nahia hori bada eta inor prozesu horretatik kalteturik ateratzen ez bada".