Angiozar Bailarako Batzarrak eguaztenean egindako prentsaurrekoan iragarri zuen "etorkizuneko erronkei erantzuteko urratsak" egiten hasiak direla. Bide horretan, bi prozesu ezberdin bereizi nahi izan dituzte, nahiz eta biak ere "elkarrekin lotuak" egon: Angiozar bera Tokiko Entitate Txiki izendatzea da gerora begirako prozesuan emandako lehen pausoa. Prozesuaren jendarteratzea da abian ipiniko duten bigarren prozesua.
Eskumen gehiago
Tokiko Entitate Txiki estatus juridiko berri horrek "autogestiorako ahalmen handiagoa" emango lioke Angiozarri. Argi utzi nahi izan dute horrek ez lukeela ekarriko udalerri batek dituen eskumen berberak izatea: "Ez da udalerri bihurtzea, baina entitate juridiko publiko bila-katu eta guk geuk gutxieneko eskuduntza batzuk Bergarako Udaletik deszentralizatzea ekarriko liguke".
2020ko uztailean martxan jarri, eta ordutik hona lanean aritu dira Angiozar Bailarako Batzarreko kideak. Zehaztu dutenez, Unai Asurmendik, Garbiñe Elorzak, Ainhoa Larrañagak eta Ramon Loitik osatu dute lantaldea: "Entitate txiki diren Ereñotzurekin eta Itziarrekin harremanetan izan gara, baita prozesu horietan parte hartu duen abokatu taldearekin ere. Bergarako alderdi politiko nagusi diren EAJrekin eta EH Bildurekin ere elkartu gara".
Foru Araua, "oztopo nagusi"
Helburua lortzeko lehen oztopoa Gipuzkoako 2/2003 Foru Araua dela azaldu dute. Arau horrek herrigune izateko gutxieneko 500 biztanleko kopurua ezartzen du, eta Angiozarren 300 pertsona daude erroldatuta: "Foru Aldundiari, langa hori jaitsi eta 250ean kokatzea eskatu diogu. Kontziente izanda muga hori jaitsita zenbat auzo sartuko liratekeen horren baitan, beste baldintza bat izatea ere eskatu diogu Aldundiari: Angiozarren kasuan, auzo-alkatearen figura edota Angiozarrek duen hauteskunde sistema".
Bere helburua lortu eta Entitate Txiki izendapena lortuko balu, Gipuzkoako 89 udalerrien artean, atzetik hasita, hamabi-garrena litzateke Angiozar, biztanleriari erreparatuta. Gaur-gaurkoz, Itziar eta Ereñotzu dira, Gipuzkoan, Angiozarrek nahi duen estatus juridikoa duten bakarrak.
Bideragarritasuna aztergai
Angiozarrek etorkizunean izan dezakeen bideragarritasuna aztertzeko Siadecori diagnosi bat eskatu diotela ere azaldu dute: "Bide bati ekingo diogu, eta, prozesu horretan, Angiozarren etorkizuneko bideragarritasuna aztertu nahi izan dugu. Kontu eta ondarearen ikuskaritza egingo dugu". Herritarren inplika-zioaren bila, angiozartarrak "erosoen" sentitzen diren alorrean ekimenarekin bat egitera animatu dituzte.
Batzar Nagusietan
Behin beste entitate txiki batzuen esperientzia ezagututa eta Udaleko ordezkariekin batzartuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi politikoekin ere partekatu nahi izan dute asmoa: "Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu Angiozarrera etorri ziren. Berriz, PSOE eta EAJ bisitatzera gu joan ginen Batzar Nagusietara. PP izan da gurekin batzartu ez den alderdi bakarra". Ostiralean, urtarrilak 22, iritsi ziren prozesuaren "puntu gorenera": "Ostiral hartan, Batzar Nagusietan agerraldi instituzionala izan genuen eta aukera izan genuen Angiozarren berri eman eta gure eskaerak egiteko; orain, itxoitea eta, beharbada, borrokatzea tokatzen zaigu".
Saiakerak aurretik ere
Prozesua martxan jarrita eta beharrezko tramiteak eginda, "herriari galdetzeko unea" iritsi dela azpimarratu du Ainhoa Larrañagak: "Uste dugu gehiengoak nahiko diola bide honi ekin, baina herriari galdetu arte ez dakigu, eta hori da orain egitea tokatzen zaiguna".
1978an, hauteskundeak egin ziren Angiozarko batzarra eratzeko, eta ordutik hona batzarrak "ikaragarrizko lana" egin duela azaldu dute: "Ikusten genuen auzoaren eta Udalaren harremana, soilik Auzo alkatearen figura baliatuta, ez zela nahiko, eta egin zen bestelako saiakera bat ere. Fundazio moduko bat ere eratu genuen, estatus juridiko baten bila, baina, hala ere, ez zen nahikoa izan".
Gaur egun arte hiru diagnosi azterketa egin direla zehaztu dute, 1978an, 1990ean eta 2010ean, eta, bertatik irtendako hainbat proiektu gauzatu diren arren, "Angiozarren kohesiorako garrantzitsuenak direnak ez dira aurrera atera".