Martxoan zehar egin duten bilera informatiboen erronda amaituta, hautetsontzira deituta daude angiozartarrak martxoaren 27an, domekan. Angiozar Bailarako Batzarrak antolatuta, ondoko bi galderak erantzun beharko dituzte herri galdeketan parte hartzen duten auzotarrek:
- Angiozar Bailarako Batzarrak hasi duen Bergarako udalarekiko deszentralizazio prozesuarekin jarraitzeko asmoarekin bat egiten duzu?
- Zapatarikua etxea, Garitano familiak dohaintzan eman nahi duen etxea, “Angiozar Jorratzen Garapen Elkartearen” bidez angiozartarrok jabetzan hartzea ondo ikusten duzu?
Deszentralizazioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Gipuzkoako Demarkazioen Foru Arauaren berrikusketa martxan den garaiotan –Angiozar eta Goierriko Itsasoren ekimenez–, lehen galderaren helburua "herriaren borondatea" neurtzea da. Izan ere, foru araua egokitzeak "etorkizunerako baliabideak eta antolaketa eskuratzeko" aukera emango lioke Angiozarri.
Bide horretan, SIADECO Ikerketa Taldeak auzoaren bilakaera soziodemografikoa, ondasunen zerrendaketa edota herriko hiru elkarte nagusien azterketa ekonomikoa egin ditu, besteak beste. Baita Bergarako Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari "deszentralizazio eta dekontzentrazio antolaketa juridikoaren" inguruko proposamen zehatzak ere. Martxoaren 18an aurkeztu zuen Angiozarko Txostena azterketa.
Zapataurikoa Etxea
Bigarren galderari dagokionez, Garitanotarren familiak dohaintzan eman die Zapatauriko Etxea eraikina Angiozarko herritarrei. Eraikinak auzotarren beharrak "ongi baino hobeto" bete ahal dituela iritzita, Angiozar Jorratzen Garapen Elkartearen bidez jabetza eskuratzeko dago bideratuta galdera. Izan ere, dohaintzan hartzeko "herritarrek bere borondatea erakutsi behar dute".