29.696.574 euroko aurrekontua proposatu du Udal Gobernuak 2023rako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 22a, 12:56

Gorka Artola Bergarako alkatea eta Aitor Aranzabal Ogasun zinegotzia.

Udal taldeek hilaren 29ra arteko epea izango dute proposamenari ekarpenak egiteko, eta aurreikuspena da abenduaren 19ko ohiko osoko bilkuran onartzea.

Bergarako Udal Gobernuak 29.696.574 euroko aurrekontua proposatu du datorren urterako, 2022koa baino ia bi milioi euro gehiagokoa —aurten, 27.814.040 eurokoa izan da—, eta, era horretan, batik bat helburua da "bergararren ongizatea hobetzeko hasitako bideari jarraipena ematea", jakinarazi dutenez.

Horretarako, emandako informazioaren arabera, "kalitatezko gizarte zerbitzuak" ematea du asmo udal gobernuak, bereziki "egoera zaurgarrian dauden familiei", eurek ere "ahalik eta bizitza duinena" izan dezaten. Hala, horretara, aurrekontu osoaren %9,11 bideratzea proposatu dute, 2.681.212 euro guztira.

Berdintasun Sailean ere arreta

Udalaren beste apustuetako bat da Berdintasun Saila indartzea, eta beraz, hori gogoan izanda, aurrekontuetan partida propio bat sortu dute. Azaldu dutenez, arlo horretan "estrategikoa" izango da Emakumeen Etxea sortzeko prozesu parte hartzailea.

Baita auzoetan ere

Proposamenaren ia %3, berriz, auzoetan hobekuntzak egitera bideratzea aurreikusten dute, eta lehentasuna izango dute, besteak beste, Bolu auzoko malda egonkortzeko hurrengo faseak eta baserri bideen konponketak.

Horrez gain, lehen lerroan jarri nahi dute azoka biziberritzeko proiektua ere, aldi berean, lehen sektorea ere indartu dadin, edota Bergaran bizitzeko baldintzak hobetzeko bidean hasitako lanen jarraipena; adibidez, Masterrekako berrurbanizazioa.

Herri bizirako bidean

Haien ustez, Bergara "herri bizia" da, "kulturan aberatsa", eta horrela izaten jarrai dezan, diru poltsa ere handitu dute. Hala, Arrizuriagako eraikinari lotutako kultur proiektuarekin jarraitzea aurreikusten dute.

Jasangarritasunean ere erronka

Azkenik, jasangarritasunean jarria dute arreta. Udala jada hasia da neurriak hartzen, eta hor ere inbertsioak handitzea da aurreikuspena. Hala nola, asmoa da lurren erosketa publikoak egitea, energia berriztagarriak ezartzea eta ingurumenari lotutako bestelako proiektu batzuk ere gauzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak