Arrizuriagaren etorkizunera begirako bigarren bilera irekia egin zuten eguazten arratsaldean udaletxeko osoko bilkuren aretoan, kultura ekipamendu berriaren kudeaketa ereduaz hausnartzeko. Herritarren batzordeko arduradun-zinegotzi Ekaitz Aranberriren arabera, herritarren eta eragileen prestutasuna eta iritzia jasotzeko antolatu zuten bilera: "Kudeaketa eredu ezberdinak ezagutzen ditugu Bergaratik kanpo, zeharo autogestionatuak direnetatik hasita Udalak edo beste erakunde publiko batek erabat kudeatzen dituen ereduetara arte. Bilera honekin jakin nahi izan dugu herritarren prestutasuna norainokoa den Arrizuriagaren kudeaketan parte hartzeko; behin hori jasota, proposamen bat egingo dugu Udal Gobernutik".
2023an erabiltzen hasi nahi
Atzoko bilera irekia bigarrena izan zen –iraileko azken astean egindako saioan erabileraz aritu ziren, bereziki– eta, hasiera baten, hor bukatuko da prozesu parte-hartzailea. "Jaso beharrekoak jasota ditugunean eta jauregia egonkortzeko lanak amaitu ostean, kultura ekipamendu izan dadin hornitzen hasiko gara. Faseka garatuko dugu, eta gure asmoa da 2023an erabilgarri egotea".
Lanak "martxa onean" doaz
Arrizuriaga egonkortzeko lanak, Aranberrik dioenez, "aurreikusi moduan" doaz, nahiz eta prozesuaren hasieran espero ez zuten eragozpen bat izan zuten: "Ondare ikuspegitik Eusko Jaurlaritzak babestua dauka Arrizuriaga, eta, horregatik, fatxadan konponketa lan oso berezi batzuk egin behar dira; lan horietan murgilduta daude orain bertan". Goitu Eraikuntzak SL enpresa ari da lanok gauzatzen, 547.964 euroko aurrekontuarekin –BEZa barne–; eraikina sendotzeko obren barruan, arbelezko estalki osoa berrituko dute eta, fatxadari dagokionez, finkatze, konpontze eta garbitze lanak egiteaz gain, egoera txarrean dauden arotzeriak eta hondatutako beirak ordezkatuko dituzte.
Barrualdean, egoera txarrean dauden zeramikazko estradosatuak eraitsi egingo dituzte, eta euskarri ez diren banaketa guztiak nahiz zoladura arinak kendu egingo dituzte solairu guztietan. Hala, solairu bakoitzean espazio huts bana sortuko dute; betiere, askotariko erabilerak emango zaiela aurreikusita.
Etorkizunerako "estrategikoa"
Kultura arloan bereziki aberatsa den herria da Bergara eta horrek horrela izaten jarraitu dezan "estrategikoa" izango da Arrizuriaga. "Kultura arloko askotariko diziplinak batzeko lekua izatea nahi dugu. Eta sormena lantzeko espazioa izateaz gain, sortutako hori erakusteko plaza izatea ere gustatuko litzaiguke; horretarako bileretan aipatu izan da agertoki bat, erakusketetarako areto bat eta hitzaldi edo bestelako saioetarako gune bat izan beharko lituzkeela, besteak beste, Arrizuriagak. Hau da, kulturara bideratutako askotariko erabilerak aurreikusten ditugu. Izan ere, uste dugu hurrengo hamarkadetarako estrategikoa izango dela eraikina; hori horrela izan dadin prest gaude beharrezko baliabideak jartzeko", dio Aranberrik.
Emakumeendako gune bat gordeko dute, mugimendu feministarekin landuko dutena
Emakumeendako txokoa bertan
Aranberrik gogora ekarri duenez, Arrizuriagan kokatuko da etorkizuneko emakumeendako txokoa: "Espazio bat gordeko da emakumeendako izango dena. Aurrerago, modu paraleloan, beste prozesu bat zabalduko dugu mugimendu feministarekin, zehazteko nolako espazioa beharko den eta nolako kudeaketa izango duen".