UNED Bergarak hasi du ofizialki 2022-2023 ikasturtea, erakundearen 46. izango dena. Atzo egin zuten irekiera ekitaldi ofiziala Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta bertan hartu zuten parte Bergarako alkate Gorka Artolak; Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazek; Bide Azpiegituretarako foru diputatu Aintzane Oiarbidek; UNEDeko zentroetako errektoreorde Nancy Ann Konvalinkak eta UNED Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak.
Bi gradu berri eta 1.400 ikasle inguru
Esparzaren esanetan, ikasturte berriak “ez du itxura txarrik”. Bi gradu berri eskainiko dituzte UNED Bergaran – Haur Hezkuntza eta Ingeniaritza arloko beste bat– eta “normaltasunaren barruan” kokatzen duen izen-emate jaitsiera bat izan arren, 1.400 ikasle inguru izango dituzte. “Gustura gaude menua zabaldu dugulako” zioen Esparzak atzoko ekitaldian. Metodologiari dagokionez, pandemiagatik baztertuta geratu zen erdi-presentzialtasuna berreskuratzea izango dute aurtengo helburuetako bat. UNED Bergararen papera ere aldarrikatzen du Esparzak: “Lurralde txikia gara, eta unibertsitate asko daude, baina behar da unibertsitate presentzialek ematen ez duten beste zerbait. Jende asko dago lan edo familia kontuengatik bere denbora osoaren jabe dena, eta guk eskaintzen dugun malgutasunak egiten gaitu beste unibertsitateen osagarri”.
Gorka Artolak UNED Bergarak herriari egiten dion ekarpena azpimarratu zuen,” oso eragile aktiboa” dela esanaz, eta elkarlanerako duen borondatea ere aipatu zuen, horren adibide Errege Seminarixoan bertan co-working-erako zabaldu duen espazioa jarriz. Miren Artarazek, aldiz, UNED Bergarak euskal unibertsitateen ekosisteman duen garrantzia nabarmendu zuen atzo: “Oso leku garrantzitsua dauka eta online prestakuntzan duen papera ere oso garrantzitsua da”. Aintzane Oiarbidek, bere aldetik, eta Euskaraldiaren lehen eguna izanda, euskararen aldeko esfortzua egiteko deia egin zien ekitaldian bildutakoei.
Hamalau urtez UNED Bergararen zuzendari izan zen Juanjo Alvarezek egin zuen irekiera-hitzaldia, Formazioa eta gobernantza ona: anabasa geopolitikoari aurre egiteko antidotoak izenburua izan zuena. Bertan egungo nazioarteko egoeraren irakurketa egin zuen, eta baita ”pentsamendu kritikoaren” garrantzia aldarrikatu ere.
Diploma banaketa
Urteroko ohiturari jarraituz, diploma banaketa ere egin zuten ikasturte akademikoaren irekiera ekitaldian. Maddi Barrena bergararrak, adibidez, Psikomotrizitate Terapeutikoan egindako ikasketengatik jaso zuen berea: “Saio presentzialak asteburuetan izateak, lana, ikasketak eta zaletasunak uztartzeko aukera ematen dizu”. Elena Aierbe tolosarrak, bere aldetik, Idazle Eskolan egindako lanagatik jaso zuen diploma: “Probatzearren eman nuen izena, eta lehen ordu-erdian konturatu nintzen bi urteko ikastaroa amaituko nuela”.
Bergarako Musika Eskolako biolin-jotzaileen emanaldiarekin borobildu zuten atzoko ekitaldia.