Sugarra pizteko, pospolo berriak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko aza. 11a, 09:04

Seminarixoko taularen gainean gaur izango diren lau taldeak.

Oñatiko Aiert bakarlariak eta Sukena eta Broken Legacy taldeek Aramaioko Balarrasa laukotearekin batera osatuko dute lehiakideen zerrenda; Seminarixoko agertokian izango dira, 21:30ean hasita; chill out gunean (21:00) emanaldi akustikoa izango da.

Bost kanporaketa izango dira urtarrilaren 13an izango den finalaren aurretik; gaurkoa hirugarrena da. Orain arteko bi emanaldietan "dena eman dute" musikariek, eta ikusleen berotasunak lagundu die horretan. Taularen gainean besteko nahasketa publikoari begiratuta; lagunei babesa ematera joandakoak asko, baina proiektu berri edo ezberdinak aurkitzeko jakin-minaz ere beste musikazale askok egin dute bat egubakoitzetako Seminarixoko proposamenarekin. "Taldeek euren lagunak eta senideak ekartzen dituzte, baina badago profil bat talde zehatz bat ikustera baino, orokorrean, Danbakak zer eskaintzen duen ikustera datorrena gehiago. Eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu", dio Danbadako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

Sarrera arrunta, lau euro; ‘Goiena APP-a dutenek, bi euro; Goienakideek dohainik

Sarritan, saldutako sarreren kopurua hartzen da kontuan kontzertu baten arrakasta neurtzeko, eta, alde horretatik, gustura dira antolatzaileak. "Lehenengo egunean genuen gogoa eta ilusioa goraka doala esango nuke, aurreko bi emanaldiek izan duten harrera ikusita; horrek indarberritu eta gogobete egiten gaitu datozenei aurrera egiteko. Giroa ere bada kontzertuen arrakasta neurtzeko beste arlo bat, eta, alde horretatik ere, oso pozik gaude; irribarre asko eta giro ona, orokorrean. Astean zehar ere, saretik edo aurrez aurre, mezu asko heltzen zaizkigu Danbaka goraipatuz, eta ahoz ahokoak sare sozialetako edozein post baino eraginkorragoak dira".

Gaurko eskaintza

"Musikari guztiek nabarmendu dute zelako areto ona den Seminarixoa. Akustika aldetik ikaragarria eta eraikina oso polita, Eliza batek ematen duen berezitasunarekin. Askoren iritziz, formatu handiko agertokia da, baina, aldi berean, publikotik oso gertu daude, ez delako oso altua, eta telebistako saiorako prestatutako eszenografiak asko janzten du. Aho bete hotz geratzen dira musikariak, orokorrean".

Ahots eta doinu gozoak, batetik, eta erritmo azkarrak, bestetik, gaurko emanaldian

Oñatiko hiru proposamen izango dira gaur; 17 urte dituen Aiert bakarlaria, horien artean. "Badaramatzat urte batzuk musikagintzan murgilduta, eta ari naiz, poliki-poliki, nire bidea egiten. Gitarra lagun, nik sortutako kantuak eta bertsioak abestuko ditut". Sukena taldea da beste lehiakide bat. "Euskal pop estiloan kokatzen gara. Formatu akustikoan jotzetik harago joatea gustatuko litzaiguke, disko bat grabatzeko gogoz gaude".

Gaurko menua Oñatiko Broken Legacyk eta Aramaioko Balarrasak osatuko dute, doinu azkarrak eta indartsuak bien aldetik. "Metalcore estiloko boskotea gara eta aurtengo martxoan argitaratu genuen Ortzimuga bigarren lana aurkezten ari gara", diote oñatiarrek, eta zera Aramaiokoek: "Pandemia garaian argitaratu genuen diskoa aurkeztuko dugu. Rocka eta punka izan ditugu betidanik gustuko, baina, denborarekin, metal itxura handiagoa hartzen ari gara".

Kanpoan, bikote akustikoa

Aretxabaletako Trumans taldeko kide Cristian Coellok Bergarako Olatz Ugarterekin batera saio akustikoa egingo dute chill out gunean, lehiaketako emanaldiak hasi aurretik (21:00) eta atsedenaldian (22:50). Oraingoan ere, Sanprubusa izango da San Martin plazan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak