Bergarako EAJren arabera, "agerikoa" da Simon Arrieta plazak berritzeko duen beharra: "Plazak behar duen berrurbanizazioa agerikoa da, eta horrela salatu genuen ekainean; aste hartan egindako euriteen ondorioz izugarrizko putzuak sortu ziren, eta hurrengo egunetan oraindik urak ezin bideratu jarraitzen zuen. Arazo honek, gainera, kolokan jartzen du plazaren beraren irisgarritasuna; izan ere, putzua arranparen hasieran sortzen da, aulkidunen eta kotxetxoen ibilbidea oztopatuz. Hau da, arranpa erabiltzaileek derrigor putzuaren gainetik pasatu beharra dute plazara jaisteko edota bertatik irteteko; bestela, aukera bakarra buelta osoa ematea da, plazaren atzealdetik". Talde jeltzaleak gogorarazi du Simon Arrieta plaza herritarren topaleku nagusienetako bat dela.
Gaia ekainean salatu ostean, "onartezina" deritzote EH Bilduren Udal Gobernuaren eraginkortasun falta: "Ez dute inongo lanketarik martxan ipini, udazkena aurrera doa, eta beste urtebetez, euriteak eta negua iritsiko dira plazaren irisgarritasuna bermatu gabe. Hala, arranparen erabiltzaileek bi aukera izango dituzte soilik: putzuaren gainetik pasa edo plazari buelta osoa eman". Jeltzaleek salatu dute urte osoa pasatu dela eta lanketa egiteko nahikoa denbora izan dela: "Irtenbideak aurkitzeko denbora egon da, baina berriz ere euriak iritsi dira eta bergararrek ez dute Simon Arrieta plazako irisgarritasuna bermatua izango".
Jeltzaleek gogora ekarri dute 2022ko aurrekontuetan Simon Arrieta plaza berriro urbanizatzeko lanketa hastea proposatu zuen eta hala jaso zutela EH Bildurekin adostutako akordioan, baina "tamalez hau ere" mahai gainean geratu dela diote.