Prentsa ohar bidez gaineratu dutenez, EAJko bozeramaile Maite Agirrek dio EH Bilduren Udal Gobernuak ez duela elkarlanerako benetako borondaterik: "EH Bilduk kudeaketarako zailtasunak ditu eta elkarlanerako nahia hitz politetan geratzen da, prentsara begira erabilitako hitzetan". 2022ko lehen sei hilabeteetan EH Bilduk 13 proiektutik martxan bi "bakarrik" jarri dituela ere salatu dute: "Biak aurreko urtetik eginda egon beharko ziren: Boluko maldaren egonkortzea eta San Joxepeko eguneko zentroa".
Simon Arrieta plazako proiektuaz harago gainerako konpromisoak betetzea exijitu dute EAJk: "Berehalako esku-hartzea egitea eskatzen dugu Simon Arrieta plazan eta, berriz ere gogoratu oraindik ere mahai gainean daudela 2022rako hartutako 13 konpromiso, gehienak ezertan hasi gabe; urtea amaitzen ari da".