Bergaran ehungintzak izan duen pisuaren islara izan zen Laboratorium museoak beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako moda desfilea. Hain zuzen, Bergaran jatorria duen eta jasangarritasuna bere ardatza den Evlox enpresan egindako kotoizko ehunekin sortutako jantziak ikusteko aukera egon zen atzokoan.
Orain dela urtebete Donostian sortutako Kotoi diseinatzaileek sortu zituzten atzo ikusi ziren jantziak. Evlox enpresako ehunekin egindakoak, kotoia oinarri zutenak. Denim ehunekin egindako praka, soineko, jaka, peto... atera zituzten Laboratorium museoan egunerako propio gertatutako pasarelara.
Aurkezpena eta topaketa
Maider Arregi kazetariak aurkeztutako saioan Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinek, Bergarako alkatea Gorka Artolak, Kotoiko diseinatzaile Maialen Porroyk eta Evloxeko marketing zuzendari Noemi Sanchezek parte hartu zuten. Bergaran ehungintzak izan duen pisua nabarmendu zuten Errazkinek eta Artolak. Horrez gain, gaur egungo modaren industriak sortzen dituen hondakinen gainean aritu zen Sanchez. Fast fashion kontzeptua mahaira ekarri zuen, eta horren aurrean arduraz kontsumitzeko deia egin zuen.
Moda desfilea
Behin kanpoko topaketa amaituta, Laboratorium museo barrura sartu ziren. Esan bezala, modeloek Kotoi markak sortutako jantziak erakutsi zituzten; eta, horiek, Bergarako komertzioen laguntza izan zuten bestelako osagarriak janzteko: alkandorak, kamisetak, poltsak, oinetakoak, betaurrekoak... Bederatzi modelo atera ziren pasarelara eta bi pase egin zuten.
Laboratorium museoan elkartutakoek gustura ikusi zuten desfilea eta amaieran txalo zaparrada ederra jaso zuten bai sortzaileek eta baita modeloek ere.