Ander Zangitu: "Energian ere handitik txikira egin behar dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 23a, 08:42

Ehunduko Ander Zangitu, aurkezpena iragartzeko kartelarekin. (Argazkia: The Badass Project)

Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) urriaren 25ean aurkeztuko dute, UNEDen (18:30); saioaren helburua zehaztu du Ander Zangituk: "Jendea batu nahi dugu proiektura".

Ehundu egitasmoaren barruko lan ildo ezberdinetan buru-belarri ari da lanean Ander Zangitu (Bergara, 1990); orain bertan, Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) herriari aurkeztea dute lehentasun.

Zer da urriaren 25ean UNEDen (18:30) aurkeztuko duzuen ekimena?

Trantsizio energetikoari aurre egiteko herri mailan sortu dugun proiektu bat da Energia Berriztagarrien Komunitatea. Ehundu dinamikaren gainerako lan-ildoetan moduan, lankidetza-marko publiko-komunitario baten egingo dugu lan; herritarrak, eragile sozialak eta erakundeak –publikoak zein pribatuak– arituko dira elkarlanean.

Ze bide egin duzue orain arte?

2021. urtearen bukaeran, mahai gainean jarri genuen gaia. 2022 hasieran, Emun aholkularitza enpresarekin, Debagoiena 2030 ekimenarekin eta Goiener enpresarekin hasi ginen prozesua martxan jartzen. Hilero 15-20 laguneko talde bat elkartzen ibili gara, etorkizunean sortuko den komunitate horren hasierako oinarria sortzeko. Horretarako, energiaren gaineko formakuntza-saioak jaso ditugu eta, bestalde, hiru lantalde banatu ditugu: proiektuen lantaldea, lantalde juridiko-administratiboa eta komunikaziorako lantaldea.

"Lehen proiektua autokontsumo partekatu begira dago, eguzki-plakak oinarri"

Ze prestatu duzue aurkezpenerako?

Orain arteko bidea azalduko dugu eta bertan egon ahal diren zalantzak argitzen saiatuko gara; proiektuaren lan-ildoak eta helburuak ere azalduko ditugu. Hala ere, aurkezpenaren helburu nagusia izango da norbanakoak proiektura erakartzea; komunitate berri hau herrira zabaldu nahi dugu. Proiektuaren onurez konbentzituta nahi ditugu herritarrak, eta bazkidetza kanpainarekin ere hasiko gara aurkezpenean bertan.

Ze aurreratu dezakezu esku artean duzuen proiektuen bueltan?

Energia sortzeko baliabideak aztertzen ari gara, baina gure lehen proiektua autokontsumo partekatu bati begira egongo da, plaka fotovoltaikoak oinarri hartuta. Xehetasun gehiago aurkezpenean emango ditugu.

Pil-pilean dagoen gaia da trantsizio energetikoarena...

Trantsizio sozio-ekologikorako saioetan igarri genuen herritarren artean bazegoela kezka, baina azken asteotan zentralitate handia hartu du gaiak. Aurkeztera gatozen komunitatearen aspirazioen artean badago etorkizun baten energia sortzea, eta Ehunduren bulegoan energiaren gaineko aholkularitza emango dugu, besteak beste, gure kontsumo ohituretan eragiteko eta gure fakturetan gutxiago ordaintzeko. Bestalde, azken hilabeteotako markoak argi utzi digu formatu handietatik txikietara egin behar dugula salto, oso tokian tokiko baliabideekin gure beharrak asetzen saiatzeko.

Ehunduren bulegoaren irekiera, urriaren 27an

Mizpildi kaleko bigarren zenbakian kokatuta dagoen Ehunduren eraldaketa bulegoa urriaren 27an, eguena, inauguratuko dute. "Asmoa da azaroan bulegoa martxan egotea. Energia Berriztagarrien Komunitatearen [EBK] bueltako beharrak ase eta zalantzak argitu nahi ditugu bertan, eta baita bestelako lan-ildoen barruan aholkularitza eta beste zerbitzu batzuk eskaini ere", dio Zangituk. Eta honako hau ere gaineratu du: "Ehundu herri mailako erronka bat izango da, herritik herriarentzat egina, eta askotariko arloetan onura kolektiboa bilatzen duena". EBK proiektua UNEDen aurkeztuko dute urriaren 25ean, baina asmoa da aurrerago auzoetan eta beste leku batzuetan – Enpresare, kasu– ere aurkeztu eta kide berriak erakartzea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak