Energia Berriztagarrien Komunitatea osatuko dute Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 8a, 08:45

Energia Berriztagarrien Komunitatearen (EBK) bueltan lanean ari den talde eragileak agerraldia egin zuen martitzenean. Argazkia: Ehundu.

Trantsizio energetikoaren erronkari "modu publiko-komunitarioan" heltzea helburu duen Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) sortzeko prozesuan daude hainbat eragile, eta dei egin diete herritarrei proiektura batzeko hilero egiten duten bileratara agertuta.

Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) eratzeko prozesuan lanean ari dira Bergarako hainbat norbanako, enpresa eta eragile. Herritarren kezken eskaerari erantzunez, 2021ean egin ziren lehen urratsak, Ehundu eraldaketa sozialerako proiektuaren testuinguruan. "Energiaren gaiak herritarron artean garrantzi berezia hartu du azken hilabeteetan, eta horri erantzuteko asmoz sortuko da EBK. Onura sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak lortzea dugu helburu. Trantsizio sozio-ekologikora bidean pausoak emateko beharrezkoa da horrelako ekimenak abiatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da eragileen arteko elkarlana eta lankidetza".

Energia Mahaia badago

Udala bestela ere ari da energia berriztagarriaren inguruan lanean, eta Energia Mahaia ere badu, bereziki arlo horretan etorkizunera begirako erronkei nola aurre egin prestatzeko. "Trantsizio energetikoa, baina, herriari eta herritarrei eragiten dien gaia izanik, modu publiko-komunitarioan lantzearen alde egin genuen. Hala hasi ziren lanean Emun, Goiener, D2030, Udala eta Ehundu. Eragile bakoitzaren funtzioak definituta, urteko dinamika adostu zen. Talde eragilea ere osatu da, dinamikaren erroa izan dena. Lantalde horretara herritar, eragile, udal langile eta enpresa batzuetako kideak batu dira. Hilero elkartzen gara eta herritarrak bertaratzeko dei egin nahi dugu", adierazi dute Udaletik.

Urriaren 20an aurkeztuko dute orain arte egin dutena; UNEDen izango da, 18:30ean

Formakuntza eta beste herrietako esperientziak jasotzeaz gain, EBK sortzeko urratsak egin ditu taldeak, askotariko gaiei heltzeko lantaldetan banatuta. Orain arte egindakoaren berri ematea da oraingo helburua, eta hurrengo urratsa izango da herritarrei, herriko enpresei, taldeei eta ikastetxeei EBK sortzeko prozesuan sartzera animatzea. Horretarako aurkezpena egingo dute urriaren 20an UNEDen (18:30). Argibide gehiagorako: ehundu.eus.

Ahalduntzea eta sustapena

Trantsizio energetikoaren testuinguruan, herritarren ahalduntzea eta ekintza bideratzeko gaitasuna izango du komunitateak, burujabetza energetikorako bidean. Helburuen artean izango dituzte eraginkortasun neurriei esker energia aurreztea, energiaren inguruko formakuntza, informazioa eta aholkularitza zerbitzuak bideratzea, eta baita energia berriztagarriaren bueltako proiektuak sustatzea ere. Proiektu posibleak lantzen ari dira dagoeneko; aurrerago emango dute horien berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak