Bergarako ehungintzaren ahozko ondarea jaso nahi dute, kafe baten bueltan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 19a, 18:18

Garai baten Bergarako ardatz izan zen ehungintza-industria ez da itzuliko baina herrian izan zuen eragina ahalik eta osatuen jasota uzteko ekimena abiatu dute, Bergarako ehungintzaren bizi istorioak ekimenaren barruan. Kotoiaren emakumeak erakusketarekin hasi zuten bidea eta orain asmoa da langile ohiak eta haien gertukoak kafe baten bueltan elkartu eta ahozko ondare hori betirako jasota uztea.

Jakinekoa da Bergara herri erreferentea izan dela ehungintzan. Baina, benetan zein garrantzi izan du ogibide horrek herrian? Nola sentitzen dute bergararrek oihalgintza? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko asmoarekin, 'Bergarako ehungintzaren bizi istorioak' ekimena gauzatuko dute Laboratorium Museoan.

Aurrekaria, 'Kotoiaren emakumeak' erakusketa

Ehungintzan lan egin zuten pertsonen testigantzak jaso, eta industria horrek herrian izan duen eragina aztertuko dute. Hala, herritarren testigantzak jasotzeko, 'Kotoizko kafeak' izeneko ekimena sortu dute Fanny Alonsok eta Anne Galarragak, Laboratorium museoarekin elkarlanean.

Fanny Alonso bera izan zen Kotoiaren emakumeak izeneko erakusketako zuzendaria; hain zuzen ere, iazko ekainaren 25ean Laboratoriumen bertan ireki zen erakusketatik dator bigarren ekimen hau. Alonsok Algodonerako langile ohi baten partetik jaso zuen proposamena, erakusketako bisita gidatua amaitu ostean. "Langile ohi hark esan zidan erakusketa asko gustatu zitzaiola baina bakarrik San Antonioko Algodoneraz egiten genuela berba, eta faltan botatzen zuela berba egitea Bergaran izan zen ehungintza-industriaren barruko gainerako enpresen inguruan. Horri buelta batzuk ematen hasi nintzen eta erabaki genuen zerbait egin behar zela [...] Orain arte egin duguna da ehungintzaren gaineko ikerketa bat, artxiboetan eta dokumentuetan begiratuta. Orain egingo duguna da Kotoizko emakumeak erakusketarekin egin genuena: industria horretan lan egin izan duten pertsonekin berba egin baina ez Algodonerakoekin bakarrik baizik-eta baita beste lantokietakoekin ere. Oraingoan ez ditugu emakumeak bakarrik elkarrizketatuko, gizonezkoak ere izan zirelako lanean ehungintzan. Testigantza horiek guztiak aldez aurretik egindako ikerketa osatzera etorriko dira". 

Hiru hitzordu zehaztu dituzte

Jasoko den informazio guztia Laboratoriumen egongo da herritar guztientzat eskuragarri, bertan sortuko den txoko iraunkorrean. Museoko arduradun Rosa Errazkinek testigantzen garrantzia azpimarratu du eta horretarako, besteak beste, San Joxepe erretiratuen elkartera joko dutela aurreratu du, azaroaren 16an.

San Joxepekoekin egoteaz gain, hiru hitzordu zehaztu dituzte kafe baten bueltan beste hainbat testigantza ere jasotzeko. Urriaren 26an, azaroaren 9an eta azaroaren 23an arratsaldeko lauetan elkartuko dira museoan; langile ohiez gain, haien senide eta gertukoak ere erakarri nahi dituzte. Kafe bakoitzean hiru edo lau pertsona bilduko dira haien bizipen eta oroitzapenez hitz egiteko. Errazkinek zehaztu moduan, solasaldi guztiak, irudi, bideo eta audioz jasoko dira, bizipen horiek memorian gordeta gera daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak