Dotore apainduta Seminarixoa, Danbakaren bosgarren ediziorako. Soil, baina elegante. Goienako kamerez inguratuta. Askotariko musika estiloak agertokian. Power pop bortitza Lemakek, kontzertua irekiz; melodia sentiberaz beteriko abesti ederrak, Kiimak bikoteak; rock and roll azkar basatia The Claytonek, atsedenerako astirik laga barik, hasieratik amaierara arte; eta, rock gogorra –metal, rap eta bestelako nahasketa original sendoa–, Jasanek, amaitzeko.
Denetik eta onetik, Danbakaren estreinaldian. Jarraipena izango du musikak, bi aste barru, beste lau proposamenekin; eta, horrela, bi astetik behin, abenduaren 16ra arte.
Epaimahaiak ez du samur izango urtarrilaren 13ko finalerako hiru taldeak aukeratzen, Sari nagusirako; Publikoaren saria, berriz, herritarren esku da. Hemen du aukera bozkatzeko.
Taldeak bero
Bergarako Lemak taldeari egokitu zitzaion hasiera ematea. Ez zen lan makala; halere, ez zitzaien kostatu Seminarixoa berotzea. Pop-rock ukituko doinuak eskaini zituzten, tartean, The Cure taldearen Boys don't cry abesti ezagunaren euskarazko bertsioa.
Antzuolako Kiimak taldeak goxo egin zuen kontzertua eta liluratu zituen ikusleak. Kantu propioak jo zituzten, baita bertsioak ere; hala nola, Bob Dylanen edo Berri Txarrak-en abestiak. Goxo eta era berean indartsu aritu ziren.
The Clyton taldeak saltoka ipini zuen Seminarixoa. Ikuskizun ederra eman zuten taldekideek, gogotsu eta publikoarekin erabat konektatzen. Zuzeneko oso indartsua eta intentsua eskaini zuten.
Jasan-ena izan zen azken kontzertua. Bereziki metal doinuak eskaini zituzten, rap ukituekin eta kantu herrikoien moldaketarik ere ez zen falta izan. Publikoarekin ere konexioa nabaritu zen.