'África' musikalaren estreinaldia: berandu, baina seguru

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 2a, 12:31

Azkenean bai. Azkenean atzo, urriak 1, estreinatu zuten África las dos orillas musikala. Bergarako Seminarixoa ikus-entzuleez goraino eta aretoak eskaintzen dituen baliabideak azkenera arte zukututa, arrakastatsua izan zen estreinaldia. Pandemiak atzeratu bai, baina ez du Bergarak musikalekin duen lotura etetea lortu; Bergarako musikalekin, hakuna matata (ez dago arazorik).

Gaztelaniazko estreinaldia izan zen atzokoa, eta lehen aldien aurreko urduritasuna igartzen zen Bergarako Seminarixoan; eta izan zen akats teknikoren bat edo beste... Hala ere, África las dos orillas musikaleko lantaldea harro egon daiteke egindako lanaz. Orain arte frontoian egiten zen tamaina handiko ikuskizun eredua ezin hobeto egokitu zuten Seminarixoa aretora; formatu txikiagoa izan arren, Seminarixoa beste gauza bat da. Musikariak agertokiaren alde baten, abesbatza beste baten eta Jose Miguel Laskurain publiko artean zuzendari lanetan ari zela, orain arte ikusi gabeko irudia eskaini zuen aretoak atzo.

Donato Goyenechek konposatutako musika oinarri eta Laskurainen gidaritzapean, oholtza gainera igo ziren aktore-abeslariek interpretazio lan txukuna egin zuten. Aldi berean antzeztea eta abestea ez delako batere erraza... Erritmo aldetik atsedenaldiaren aurreko lehen ekitaldia geldoagoa izan zen bigarrena baino eta aipatzekoen artean daude ikuskizunak eskaintzen dituen hamaika agertoki aldaketak. Amaieran, txalo zaparrada eta dantza afrikarrak aretoaren atarira arte. 

Lantaldea, oso pozik

Atsedenaldi eta guzti bi ordu pasatxo iraun zuen emanaldiaren ostean, pozik zegoen lantaldea. "Gehienetan ikuskizun familiarrak egiten ditugu eta horrekin arrakasta lortzea errazagoa da. Hau ez da horrela, hau drama bat da eta oso ume gutxi egon dira taula gainean. Ez genuen pentsatzen halako harrera ona izango genuenik; benetan pozik gaudela", adierazi zuen eszena zuzendari Valen Moñuxek.

Musika konposatu duen Donato Goyenechek lantaldea azpimarratu zuen: "Estreinaldia guztietan moduan, urduritasuna zen nagusi hasieran. Baina urduritasun horiek pasatu izanak merezi izan du; ikusten duzunean lantaldearen esfortzua... Nik nire bakardadean konposatzen dut musika baina benetako lana eurek egin dute".

Samuel-en paperean jardun duen Karlos Etxaniz ere pozik zegoen amaieran: "Hau oso luze joan da, eta azkenean lortu dugu Bergaran estreinatzea. Jendea deseatzen zegoen, eta igarri da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak