Bergarako azoka biziberritzeko planak bere bidea darama eta atzo egindako iraileko osoko bilkuran, esaterako, kreditu aldaketa bat onartu zuten azokaren eraikinean egingo diren lanak burutzeko.
Kreditu aldaketarekin eta obra horiendako diru kantitatea gehitzearekin ados, baina prozedurari buruzko kezkagatik, abstenitu egin ziren puntu horretan oposizioko alderdiak, EAJ eta PSE. Jeltzaleen kezka, euren esanetan, azokaren kudeaketaren inguruan oraindik lanketarik egin ez izana, eurak horretarako prest daudela esanez. EH Bilduko Ainhoa Letek, baina, obra hau lanketa zabalago baten barruko urrats bat gehiago dela adierazi zien, bere ibilbidea duen egitasmoa dela eta parte hartzeko aukera izan badutela.
Urriaren amaieran sinatuko dute hitzarmena
Lan munduan euskara sustatzeko Harixa programaren baitan herriko enpresekin urriaren amaieran sinatu gura den hitzarmena, bestalde, aho batez onartu zuen udalbatzak. Gai hori lantzeko sortutako mahaiak egindako lana azpimarratu zuen puntu horretan Ekaitz Aranberri zinegotziak, esanez euren lan barik nekez aterako zela hitzarmena aurrera. 30 bat enpresak agertu dute interesa hitzarmenarekiko hori proposatzeko egin diren bileretan. Horretarako oraindik aukera badagoela ere gaineratu zuen. Horren harira, azken 30-40 urtetan administrazioek egindako lanaren ondotik, euskara kalera eta lanera eramateko garaia dela ikusten duela adierazi zuen alderdi sozialistak.
Basoa berreskuratzeko helburuarekin Aranerreka auzoko mendi lursail bat erostea eta OlatuKoop elkartearekin duen hitzarmenean aldaketa egitea ere onartu du udalbatzak. Gauzak horrela, gizarte eraldaketarekin, basoen kudeaketarekin, lehen sektorearekin zein euskararen normalizazioarekin lotutako gaiak dira iraileko osoko bilkura honetan onartutako batzuk, Udalaren plan estrategikoaren barruan daudenak, eta balioan jarri du hori Udal Gobernuak. Baita kontrako boto bariko beste osoko bilkura bat izan dela ere. Onartutako beste puntuetako bat izan zen Kikioren busto bat eta haren hainbat txirula dohaintzat hartzea.