Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Bergarako Seminarixoa aretoan egin du gaur ikasturte berriaren hasiera ekitaldia. Aranzadi ikastolaren 50. urteurrena dela-eta aukeratu dute Bergara, eta ekitaldian hezkuntza zein politika munduko hainbat ordezkari izan dira. Bergarako Aranzadi ikastolako zein Iruñeko Jaso ikastolako ikasleek egindako emanaldiekin jositako ekitaldia izan da, eta hitza hartu dute bertan Bergarako alkate Gorka Artolak, Aintzane Oiarbide diputatuak, Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek.
Duela egun gutxi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitara eman duen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa izan da aipagai nagusia ekitaldian.
Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk esan du zirriborroak alde onak badituen arren testuarekiko desengainua hartu dutela. "Ausardia" eta "adorea" eskatu die Eusko Jaurlaritzari zein alderdiei euskal hezkuntza sistema propio baterako urrats sendoak egiteko. "Egia aitortzeko desengainua hartu dugu. Egia da alde onak ikusi dizkiogula; euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren sorrera, publikotasunaren printzipioa eta helburua jasotzea, eta nola ez ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan eskuratu beharreko hizkuntza gaitasunak jasotzea. Baina desengainua hartu dugu Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko diren ikastetxeek ez dituztelako eskubide eta betebehar berak edukiko (...), derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek lortu beharreko euskararen ezagutza maila ezarri arren, ez duelako aipatzen murgiltze eredurik, edota Hezkuntza Itunean ageri zen ikasteredu orokortu inklusiborik (...), Euskal Herriaren aipamena falta zaiolako (...), ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua aurrerapausoa iruditu arren, ez delako inon aipatzen nola burutuko den hori (...) eta segregazioaren inguruan egiten den hasierako proposamenarekin eta helburuarekin bat etorri arren, planifikazioa eta udalen inplikazioa ikusten baitute tresna eraginkorrena jarritako helburua bideratu ahal izateko, zehaztapen falta oso handia delako".
Hezkuntza sailburuaren erantzuna
Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek erantzun dio legeak euskal hezkuntza zerbitzu publikoa azpimarratzen duela, eta lege berriaren protagonistak hezkuntza zentro guztiak izango direla. "Gizarte bezala ditugun erronkak eta helburuak hezkuntza sistema bakar gisa gainditu behar ditugu, bakoitzak bere izaera galdu gabe", esan du sailburuak. Ikastolen Elkarteak lege zirroborroan faltan botatzen dituenen inguruan esan du: "Horiek ez ziren legean aurkeztu behar eta, beraz, ez daude; dakizuen bezala beste 43 neurri daudelako hurrengo hamabi urteetarako, eta baita ere adostutakoak. Beste gai horiek erreglamenduaren garapenean agertu beharko dira, eta agertuko dira (...) Ikastolei diru-laguntza gehiago emateko akordioa onartu dugu, datozen urteetarako finantzazioa bermatu dugu eta legearen oinarriak mahai gainean jarri ditugu, besteak beste (...) Aukera paregabea daukagu XXI. mendeko hezkuntza eraldatzaile bat aurrera eramateko euskal hezkuntza sistema propio baterako urrats esanguratsua egiteko (...) Eta bide hori elkarrekin egingo dugu".