Manex Alberdi: "Lehiakortasunaren bila bazoaz, besteengandik horixe jasoko duzu"

Txomin Madina 2022ko ira. 20a, 09:10

Dantzaren munduan lauzpabost urterekin hasi eta auzoko Musiraka taldean ibiltzetik Greziako Opera Nazionaleko balleteko kide izateraino heldu da, oraingoz, Manex Alberdi (Osintxu, 1999). Eta hori, nerabezaroaren bukaerara arte ez zuela argi izan dantza izango zela haren ogibidea!

Ointxu, Bilbo, Donostia, Madril, Austria eta, iazko irailaz geroztik, Grezia. Horiek dira orain artean Manex Alberdiren dantza ibilbideak izan dituen geltoki nagusiak. Bidea egin behar horretan, dantzaren askotariko adarrak probatu ditu.

Duela zazpi urte aldizkari honetarako egindako elkarrizketa batean esan zenuen akaso ez zinela onena izango, baina dantzatik bizitzeko moduan ikusten zenuela zeure burua. Bete da orduan esandakoa!

Bete da, bai! Momentu batzuetan, bidean ikusten duzu horretarako aukera txiki bat, baina, egia esan, batxilergoa bukatzera nindoala ez neukan argi benetan dantzatik bizi nahi nuen edo zaletasun soila zen. Aukera hor zegoen, baina...

Noiz erabaki zenuen dantzaren bidea hartzea? Eta zenbat izerdi bota dituzu egun zauden lekura heltzeko?

Gakoa izan zen batxilergoko azken ikasturtean Mentxu Medelek Donostian duen akademiara joatea, hark esnarazi ninduelako. Esan zidan dantzaren bidea hartu nahi banuen orduan izan behar zuela, adinean aurrera egin ahala gero eta zailagoa delako. Medelek lagundu eta bultzatu ninduen; dantzaren mundua nolakoa zen azaldu zidan, baita Madrilgo eta Valentziako kontserbatorioetan probak egiteko aukera eskaini ere. Madrilen hasi nintzen ikasketak egiten eta han izerdi asko bota eta lan asko egin behar izan nuen. Han, eta gerora, eguneroko lana delako.

"Greziako Opera Nazionaleko Balleta konpainia sendoa da, 60 dantzari inguruk osatzen dugu"

Nolatan heldu zinen Greziara?

Nolabait, kasualitatez. Austriako konpainia gazte batean nenbilen, baina urte eta erdi igaro eta gero, nekatu samar nengoen baldintzekin eta lanekin; aldaketa bat bilatzera eroan ninduen horrek. Greziako Opera Nazionalean sartzeko audizioak egiteko deialdia irten zen eta horietan parte hartzeko neure burua aurkeztu nuen. Proba gainditu eta kontratua eskaini zidaten. Aldaketa baten bila nenbilenez eta eskaintzak itxura ona zuenez, baietza eman nuen.

Zein da zure lana Greziako Opera Nazionaleko balleteko dantzari moduan?

Konpainia sendoa da eta hainbat mailatan banatuta gauden 60 dantzari inguruk osatzen dugu. Dantzari bakarlariak daude, baita nagusiak ere; ni, aldiz, dantzari multzoko kidea naiz. Dena den, iazko Gabonetan Intxaur-hauskailua obran intxaur-hauskailuaren papera egin nuen, bakarlari. Denboraldika lan egiten dugu, eta gure lana da koreografoekin batera denboraldi bakoitzerako aurreikusitako ikuskizunak aurrera eramatea. Ikuskizun bakoitzak ordubete edo ordu eta erdi inguru irauten du, eta hilabete eta erdi inguru ematen dugu prestatzen; proiektuaren arabera da, baina, batzuetan, bakoitzaren hamar emanaldi egiten ditugu; beste batzuetan, zazpi...

Nolakoa da zure egunerokoa ikuskizun bat prestatzen ari zaretenean?

Lan dezente izaten da eta beti diot gure lana errepikapenean oinarritzen dela. Dantza bakoitza askotan errepikatzen dugu, eta zuzenketak egiteko geldialdi asko egin: dantzari guztiok sinkronizatuta joateko beharrezkoa da hori. 10:00etan hasten naiz lanean, eta egunero ordu eta laurdeneko balleteko eskola bat izaten dugu teknika lantzeko eta gorputza berotzeko. Horren ostean, eta 16:00etara arte, momentuan lantzen ari garen ikuskizuneko entseguak izaten ditugu: hasteko, koreografoak pausoak erakusten dizkigu, bakoitzaren papera zein izango den erabaki eta horren arabera banaka, binaka, taldeka... egiten dugu lanketa. Azken finean, poliki-poliki osatzen doan talde-lana da gurea. Momentu honetan On Kixote balleta ari gara entseatzen, azaroan taularatzeko.

Lan-jarduna 16:00etan bukatuta, gero zer?

Ordu horretan bukatu arren, beti geratzen gara zerbait probatzen, hurrengo egunean gorputza ondo izateko luzatze-ariketak egiten... Berandutu egiten zaigu etxera heltzea, eta etxean egin beharreko lanak-eta tarteko ez dugu bestelakoetarako asti handirik izaten. Ahal den heinean, asteburuetan-eta saiatzen gara Atenasko bizitza aprobetxatzen: garagardoren bat edo beste hartu, hirian dauden ekintzak ikusi... Greziak duen alde on bat inguruak dira, eta udaberritik udazkenera eguraldiak asko laguntzen duenez, saiatzen gara irletara eta hondartzetara joaten; neguan, mendi-irteerak ere egiten ditut bertako talde batzuekin. Horrek guztiak laguntzen du burua argitu eta astea indartsu hasten.

"Neure burua teknika klasikotik ateratako dantza garaikidean ikusten dut"

Lehiakortasun handia egon ei da dantzaren munduan. Horrenbesterako da?

Ez dut esango mitoa denik, egon badagoelako, baina norberaren jokaeraren araberakoa da. Lehiakortasunaren bila bazoaz, besteengandik horixe jasoko duzu erantzun moduan. Ni neu ez noa horren bila; beste batekin lehian aritzera baino gehiago, haztera eta ikastera noa. Egia da paper garrantzitsuak-eta egoten direla jokoan eta horrek lehiakortasuna dakarrela.

Gorputza duzu lan-tresna. Zelan zaintzen duzu?

Izan ere, lesioen arriskua hor dago. Hori beti duzu buruan; batez ere, denboraldi betean zaudenean. Madrilgo irakasle batek zioen gure hankak gure ogia direla, euretatik bizi behar dugula. Niri, esaterako, asko gustatzen zait mendira joatea, baina joan aurretik bi aldiz pentsatzen dut, hurrengo egunean entsegua badut nekatuta egongo naizela dakidalako. Era berean, egunero egiten dugu lan geure gorputzarekin eta ondo ezagutzen dugu: badakizu zeintzuk diren zure mugak, minik sentitzen baduzu zelan arindu behar duzun... Mina zer den eta molestia zer den ondo bereizten dugu, eta nork bere burua nola zaindu jakin behar duela uste dut.

Sakrifizio asko egin behar dira dantzatik bizitzeko?

Ordu asko eskatzen ditu. Gaztea nintzenean, Bilbora joaten nintzen, eta horretarako, gurasoek sakrifizio asko egin zituzten... Gero, Donostia etorri zen; gero, Madril... Ordu asko sartu behar dira. Baina ematen dizun asetasunak egindako sakrifizioak baino pisu handiagoa du niretzat.

Euskal dantzak, dantza klasikoa, dantza garaikidea... denak landu dituzu zuk. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Neure burua teknika klasikotik ateratako dantza garaikidean ikusten dut. Dantza klasikoa, bere horretan, oso zorrotza da, zurruna, teknika hutsa; horrek ez dit gozatzen uzten: jauzi hori modu horretara egin behar duzu; hanka posizio horretan mantendu... Hainbeste gauza hartu behar dira kontuan, plazera albo batean geratzen da. Bestean mugimendu handiagoa duzu, askatasun handiagoa, eta horrek piezaz gozatzeko aukera gehiago ematen dizu.

Dantza taldeetan mutil falta izaten da kezka iturrietako bat. Nola eman dakioke buelta horri?

Hasteko eta behin, gizartearen akatsa dago, dantza nesken kontua dela uste delako; hori aho askotatik irteten da, eta inkontzienteki bada ere, mutilak frenatu egiten ditu. Hezkuntzak lan garrantzitsua egin dezake horretan. Bideetako bat izan daiteke gazteei dantzako bideoak erakustea, gaizki esanda dagoen arren, dantza neskena eta mutilena dela normalizatzeko. Horrek mutilak parte hartzera animatu ditzake. Nire kasuan, dantza beti izan dut zaletasun, familiarengandik eta lagunengandik babes handia jaso dut eta komentario horiei entzungor egin izan diet.

Urtebete daroazu Grezian bizi izaten. Oso ezberdinak dira horko eta Euskal Herriko bizimoduak?

Alderdi batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Ezberdintasun handietako bat da gu zorrotzagoak edo zuzenagoak garela, eta hemen, kalean-eta kaos handia dagoela; kaos ordenatua, akaso, baina kaosa, azken finean. Zirkulazioan, gidatzerakoan ikusten da hori. Erlijioak ere gurean baino pisu handiagoa du, greziarrak fededunagoak dira. Eta Europan dagoen arren, birziklapen kontuetan, esaterako, gu baino atzeratuago daude. Jendearen izaera aldetik, bestalde, antz handia dugu. Hemen oso zabalak dira eta kaleko giroa ere handia da. Alde horretatik, antzekotasun handia dago Euskal Herriko kaleko poteoarekin. Oso saltseroak dira, igartzen da Mediterraneoko kultura dela. Bizitzeko leku ona da. Ni oso erraz ohitu naiz hona bizi izatera. Austrian, adibidez, ez nintzen hango bizimodura egokitu: supermerkatura joan eta aurpegi eta erantzun serioak ikusi eta entzuteak ez zaitu etxean bezala sentiarazten. Grezian guztiz kontrara izan da. Hizkuntza ikasteko ahaleginean ere banabil; gure inguruko hizkuntzekiko oso ezberdina da, baina fonetika aldetik eta ahoskatzeko orduan alemanera baino askoz errazagoa iruditzen zait.

Euskal dantzetan eskarmentu handia duzu. Izan duzu astirik Greziakoak ikasteko?

Hemengo lagunei behin eta berriro eskatu diet Greziako dantzak irakasteko, eta izan dut nolakoak diren ikusteko aukera. Badut buruan dantza horiek ikastea, eta apurka apurka pauso batzuk ere egiten ditut, barre egiteko ez bada ere!

"Jendearen izaera aldetik euskaldunik eta greziarrek antz handia dugu"

Zer esaten digute toki bakoitzeko dantzek toki horren inguruan?

Leku bakoitzaren esentzia dira tokian tokiko dantzak. Grezian, esaterako, dantza asko sorbaldatik helduta egitekoak izaten dira, kate luzeak osatuz; lehen aipatu dudan kaleko gertutasuna, aurrez ez ezagutu arren jendeak ematen dizun berotasuna transmititzen da dantza horiekin. Musika bera ere oso alaia da. Euskal Herrian ere gertatzen da hori: fandangoak eta arin-arinak duen indarra bada euskaldunok dugun indarraren isla.

Duela zazpi urte, dantzatik bizitzeko moduan ikusten zenuen zeure burua, eta bete da hori. Zazpi urte barru zertan aritzea gustatuko litzaizuke?

29 urte izango ditut orduan eta ikusiko dugu gorputza nola dagoen. Oraingoz, dudan adinarekin, gustatuko litzaidake dantzan jarraitzea, beste koreografo eta konpainia batzuk ezagutuaz. Baina batxilergoan nengoenean bezala, horretan ere zalantza asko ditut: akaso, irakasle lanetan ibiliko naiz; akaso, zerikusirik ez duen beste zerbaitetan...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak