Badatoz San Martin jaietako egun handiak, eta, egoerak horrela ahalbidetuta, pandemia aurreko baldintzetan ospatuko dira festak aurten. Hilaren 15etik 18ra egingo dira jaiak, eta, ohi bezala, aurreko zapatuan azoka eguna izan dute Bergaran. Aurreko eguaztenean egindako agerraldian eman zuten egitarauaren berri udal ordezkariek eta herriko hainbat eragilek. Hain zuzen ere, Kultura zinegotzi Kristina Markinak eragile horiek egindako lana eskertu du: "Jaietako programazioa osatzerakoan eskaini duten laguntza guztiarengatik eta egin dituzten ekarpenengatik".
Omenaldia Pello Garitanori
San Martin jaietako danborradak hilaren 15ean eta 16an egingo dira; helduena lehenengo –eguenean udal biltegitik 22:30ean abiatuta– eta umeena biharamun arratsaldean –egubakoitzean 18:30ean leku beretik abiatuta–. Aurten herritarrek keinu berezia egingo diote ekainean hil zen Pello Garitanori. Umeen danborradaren bultzatzaile nagusietako bat izan da, eta azken unera arte egon da danborradaren antolaketari lotuta. Danborradako talde guztiek Udalarekin bat egin eta aho batez erabaki dute omenaldia egitea. Musika Bandak Danbor txikiak martxa sortu du eta helduen danborradan jo eta abestuko dute lehenengo aldiz. Asmoa da hurrengo urteetako danborradetako martxen zerrendan sartzea.
Azken entseguetan ari dira danborradetako parte hartzaileak. Gaur izango dira azkenak. Seminarioko karpan ari dira lan horretan; umeena 19:00etan izango da eta helduena 20:00etan.
Su artifizialik ez aurten
Zezensuzkoa aterako da egubakoitzean, 22:00etan. Udal ordezkariek azaldu dute aurten ezingo dela su artifizialen emanaldirik egin, Agorrosingo futbol zelaia obretan dagoelako eta handik bota izan direlako. "Azterketa egin ondoren, teknikariek ondorioztatu dute Bergaran ez dagoela arautegiak eskatzen duen segurtasun distantziak bete ditzakeen bestelako eremurik su artifizialak botatzeko. Horregatik, horren ordez zezensuzkoa ateratzea erabaki da", azaldu dute. Beste berrikuntza bat da Afrikako musikaren eta dantzaren presentzia. África, las dos orillas musikalaren aurrerapena egingo dute kalean domekan, 18:30ean.
Zezentxoak eta poneyak
Bergarako Zezenak taldearen eskutik, berriz, sokamuturra izango da San Martin jaietan. Seminarioko patioan izan zen lehen saioa azoka egunean.
Sanmartinetako bigarren asteburuan sokamuturra ere egongo da Barrenkalean eta San Martin plazan. 09:00etan izango da bai barikuan eta bai zapatuan. Kasu honetan, 16 urtetik beherakoek eta alkohola edo drogaren bat hartzearren intoxikazioa dutenek debekatuta izango dute sokamuturrean parte hartzea.
Errekortadore eskola ibiltaria ere izango da aurten San Martin jaietan. Bi saio daude iragarrita: lehenengoa hilaren 16an, egubakoitza, 12:00etan; eta bigarrena biharamunean, hilak 17, 17:00etan.
Erraldoiak eta dantzariak
Errekortadore eskolaren bigarren saioaren ondotik, Bergarako Erraldoi konpartsaren kalejira irtengo da San Martin plazatik. Lagun izango dituzte Bergarako Txistulari Banda, Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroak eta Bergarako trikitilariak. Ezin ahaztu, bestetik, egun horretan bertan jokatzekoa den bikote nagusientzako 37. dantza askatu txapelketa. Faborito nagusien artean dira Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.
Simon Arrieta pintura lehiaketa
Beart elkarteak antolatuta, irailaren 18an jokatuko da aire zabaleko 47. Simon Arrieta pintura lehiaketa. Margolariek hartuko dituzte herriko kaleak eta nor bere txokoan lehiaketara aurkezteko margolana egiten ikusteko aukera izango da. Sari banaketa egunean bertan izango da, udaletxean, 14:30ean.
Lehiaketara aurkeztutako margolanekin erakusketa egingo dute, ondoren, udaletxeko areto nagusian. Hain zuzen, irailaren 23tik urriaren 7ra bitartean egongo da zabalik: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.
Txosnagunean ere aukera zabala
Xaxauko lagunek ere ilusio handiarekin prestatu dute San Martin jaietako egitaraua. Ohikoa duten moduan, Munibe plazan kokatuko dute txosnagunea, eta eguenean, irekiko dute. Pintxo-potea eta bikote jolasa, mojito festa, sokasaltoa, marianito festa, oliba-hezur jaurtiketa lehiaketa, karro-poteoa eta azeri jolasa izango dituzte, besteak beste.
Kontzertu eskaintza ere ez da edonolakoa: Nhil, Golden Blend, Lizartxo, DJ Xaxau, Kilimak, Virgin Mari eta DJ Hirukiak taldeak daude iragarrita. Zapatuko herri bazkarirako txartelak salgai daude eta gutxi batzuk besterik ez dela gelditzen adierazi du konpartsako kide Irati Alberdik. Gaineratu du San Martin jaietako lantaldea osatuta dagoela, baina deialdi berezia egin du Pentekoste jaietarako; "Lanean hasi beharko dugu laster. Komeni da jende gehiago gerturatzea".