San Martin feriako postu eta tailerrek jendetza erakarri dute

Hasier Larrea 2022ko ira. 10a, 13:52

Giro ederrean garatu da San Martin jaietako azoka. Fruta, barazki, odoloste, gazta, ezti eta bestelako produktuz betetako postuetara gogoz bertaratu dira herriko zein bailarako bisitariak. Gazta, barazki-postu eta fruta-posturik onenaren sariak banatu dituzte dagoeneko.

San Martin plaza eta Semniarixoko patioa tokiko ekoizleek osatutako salmenta-gunez bete da gaur goizetik. Berrikuntza moduan, herriko Imaz, Leturia eta Urzelai harategietako harakinek odolostea prestatu dute bisitarien gosea asetzeko. Seminarixoko aretoan egindako tailerrean, ostera, eztia egiteko prozesua azaldu du, bertatik bertara, Erlantz Olabarriak.

Gazta onena, Irati Usandizaga oñatiarrarena

Eguerdi aldean, Idiazabal elkarteko kidez osatutako epaimahaiak hogei gazta ingururen artean sari nagusia Lekarozen bizi den Irati Usandizaga Garitaonandia oñatiarrari ematea erabaki du, Infernuko Gasna izeneko gazta egiten du 28 urteko gaztagileak, bi urte daramatza ogibidean, eta, nola ez, pozik agertu da, are gehiago kontuan hartuta Elgoibarko jaietan eta Uharte Arakilgo Nafarroako txapelketan ere lehen saria lortu zuela: "Ea bolada honek jarraitzen duen; urrian Euskal Herriko eta Ordiziako txapelketetan parte hartuko dugu".

Hala ere, aitortu du uda txarra izaten ari dela: "Gazta egiteari abuztu erdialdean utzi genion, eta orain ardiak mendi inguruan dabiltza, lehortearekin sufritzen. Azarorako umeak emango dituztenez, indartsu egoteko aparte eman beharko diegu jaten".

Debagoieneko ekoizle gehiagok ere jaso dute saria: Mari Karmen Etxeberria bergararrak hirugarren barazki postu onena, Jose Lonbide aretxabaletarrak bigarren fruta postu onena, eta Ane Gorosabel bergararrak herritarren saria. Hala, barazki posturik ederrena Ezozi Etxeberria soraluzearrarena eta fruta postu ederrena Urtza Sarrionandia igorrearrarena izan dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak