Inaugurazioan bi margolarien gertuko pertsonak, Bergarako eta Arrasateko kultura zinegotziak eta erakusketaren antolatzaileak –Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteko kideak– azaldu dira, baita lehenengo egunetik bi margolarien koadroak ikusi nahi zituzten bisitariak ere. Marrazteko erabiltzen zituzten astoak ere jarri dituzte Aroztegin.
Lagun banaezinak
Josu Okinak, Miguelen ilobak, aipatu du "erakusketa piktorikoa egitea baino, bi artisten arteko adiskidantza adieraztea" izan dela asmoa. Euren arteko harremana oso sendoa ei zen: "Nire osabak bere kontura margotzen zuenean, paisaiak egunetik egunera margotzen zituen, patxadaz, baina Juliorekin batzen zenean, hura oso burugogorra zenez, egunean bertan amaitzen zituzten margolanak; toki batera joan, paisaia margotu eta etxera!".
Galartari buruzko anekdota bat kontatu du, nolakoa zen azaltzeko: "Urkulu inguruan genbiltzan pasioan, eta iluntze aldera, hara non ikusten dugun Julio, mihisearen aurrean lanean. Iaz ez zen tutik ikusten, baina hark koadroa bukatu behar. Ez zitzaion axola ilunetan marraztea ere".
Galartaren lehengusu Bixenta Bengoa ere agertu da hitzordura. Banaezinak omen ziren bere esanetan: "Oporretan ere elkarrekin joaten ziren; Nafarroa, Errioxa aldean, toki polit bat ikusten bazuten, han ateratzen zituzten margoak eta lanari ekiten zioten berehala. Pinturarako bizi ziren".
2024rako, Okinaren monografikoa
Josu Okinak aurreratu du 2024an Miguel Okinaren erakusketa monografiko bat antolatuko dutela, haren jaiotzaren ehungarren urteurrena izango dela aprobetxatuta.