Okinaren eta Galartaren arteko laguntasunaren isla, Aroztegin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 2a, 10:28

Ezkerrean, Okinak Galartari egindako erretratua; eskuinean, Okinaren autorretratua. Argazkia: (M.O.)

Miguel Okina eta Julio Galarta margolarien erretratu eta antzeko lekuetan marraztutako margolanak izango dira ikusgai Aroztegi aretoan jarriko duten 'Bi adiskide margolari" izeneko erakusketan, irailaren 9tik 25era.

Miguel Okina bergararra; Julio Galarta, berriz, arrasatearra. Biak margolariak eta elkarren lagun. Laguntasun hori begi-bistan jarriko duen Bi adiskide margolari erakusketa antolatu du Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak. Irailaren 9an zabalduko ditu ateak eta hilaren 25era bitartean izango da ikusgai, Bergarako Aroztegi aretoan.

Duela urtebete hil zen Miguel Okina eta gertaera hori gakoa izan da erakusketa aurrera ateratzeko. Alvaro Arregi JGPLEko presidenteak adierazi duenez, elkarteak aho batez erabaki baitzuen esposizioa antolatzea, Okina eta Galarta lagun handiak zirelako: "Bearteko kideei ere ondo iruditu zitzaien, eta 'aurrera!' esan ziguten. Julio hil artean, beti kontaktuan zeuden eta leku askotara elkarrekin joaten ziren margotzera".

Leku bat, hainbat ikuspuntu

Oraindik zehaztu gabe dago zenbat koadro izango diren ikusgai. Guztira berrogeita lau aukeratu dituztela aitortu du Josu Okina pintore eta Okinaren ilobak, eta denek azalpen-testua izango dutela. Gainera, litekeena da kanpoan margotzeko erabiltzen zituzten astoak ere Aroztegi aretoan jartzea.

Ilobaren esanetan, elkarrekin margotu zituzten koadroak erakutsi nahi dituzte; hori bai, "gune berdin edo antzerakoan marraztutakoak, berdinak izan barik". Hortaz, bertako nahiz Arabako, Nafarroako edota Errioxako paisaiak ikus ahal izango dira bi artisten ikuspuntutik, besteak beste.

Alvaro Agirre: "Biak ziren punta-puntako artistak; Okinak ofizio egin zuen bere afizioa"

Bi irudi, ordea, bai ala bai jarriko dituzte; biak Okinak egindakoak. Bata, bergararraren autorretratua, eta bestea, Galartari egindako erretratua. Azken hau "berriagoa" dela dio Okinak: "Neu ibili nintzen Julio estudiora eraman eta ekartzen".

Gehienak paisaiak izango badira ere, Okinak aurreratu du Bartzelonan marraztutako beste erretratu bat ere egongo dela: "Akademian zeudela pintatutako emakume baten erretratua daukate. Ziurrenik ez da pertsona bera izango; hain zuzen ere, askok egiten zituzten modelo lanak".

Afizioa ala ofizioa?

Galartak Roneon egiten zuen lan, eta, Agirrek azaldu duenez, eszedentzia hartu behar izan zuen ikasketak egiteko. Bartzelonako San Jorgeren Arte Ederren Goi Eskolak ikasi zuen, eta Miguel Okina adiskidearekin bat egin zuen: "Hogeita hamar urte zituen Juliok Bartzelonara joan zenean, Miguel gazteagoa zen. Galarta jubilatu eta gero, hil artean margotzen aritu zen. Pentsa, hil baino egun batzuk lehenago koadro batekin zebilen 94 urterekin. Miguelek ofizio egin zuen bere afizioa eta bere ogibidea hori izan zen".

Josu Okina: "Bartzelonan ikasi zutenetatik, osaba zen pinturatik bizi zen bakarra"

Bergararra, berriz, Parisen izan zen lehendabizi, eta, ondoren, Madril eta Bartzelonan. Ilobak dio ez zela titulua lortzera joan: "Pintatzen ikastera joan zen". Gainera, urte batzuk geroago, bazkaria egin zuten akademiako ikasleek: "Bueltan, osabak esan zidan ikaskide guztietatik pinturatik bizi zen bakarra zela".

Bakoitzak bere motiboak zituen. Galarta, ordea, gehiago zentratu zen paisaietan: "Nire osabak denetarik egiten zuen: paisaiak, natura hilak, erretratuak... Azken finean, aurrean jartzen zitzaion guztia egiten zuen. Gainera, erretratugile aparta ere bazen".

Lagunen bizipenak

Alvaro Agirrek eta Josu Okinak gertutik ezagutzen zituzten bi artistak eta euren pasadizoak. Auzokoa zuen Agirrek Galarta eta Okina mendizale modura ezagutu zuen hasieran. Okinak iloba da, eta ordu asko igarotzen zituen osabaren estudioan.

Okinak dio "berekoiak" ere bazirela: "Aste Santu batzuetan herritik kanpora joan ziren margotzera. Sekulako eguraldi txarra egiten zuen. Bergararrak arrasatearrari esan zion horrela ezingo zutela margotu, eta besteak, baietz. Herriko apaizak ere zoratuta al zeuden galdetu zien. Osaba dozena erdi koadrorekin etorri zen, eta, esan zigunez, tripetatik gaizki eta hoztuta egon ziren. Hurrengo egunean, zer margotu zuen begiratu zuen eta denak borratzeko zirela esan zuen, ez zutela balio eta. Juliok ez dakit zer egingo zuen".

Agirrek gogoan du nola Besaidera egin zuten irteera batera joan zen Okina: "Japoniar bat eskultura egiten ari zen. Argazkia atera nien japoniarrari, beste eskultore bati eta kuadrillakoei, Miguel tartean zela. Hori badakit ondo gordeta daukala".

Arantzatxo bat ere badu, ordea, Agirrek: "Arantzatxoa geratu zitzaigun Galartari eta bioi. 1992an, Bergarako hogeita bederatzi margolari neuk lagunduta egon ziren Italian. Tartean, Miguel zegoen. Denen artean, hura izan zen koadro bat saldu zuen bakarrenetakoa. Bueltan, Juliori esan nion egunen batean biok joan behar genuela hara, eta gustatuko litzaiokeela erantzun zidan. Nagusia zen, eta ez genuen astirik izan amets hura bete ahal izateko".

2024a: Okina jaio zela 100 urte

2024an, 100 urte beteko dira Miguel Okina jaio zela. Mendeurren horren harira, aitortu du Josu Okinak erakusketa bat egitea aurreikusita daukatela: "Hori Bearten aldetik joango da. Guk baditugu haren margolanak, baina bergarar, arrasatear edota eibartar askoren etxeetan ere badaude, besteak beste. Asmoa dugu koadroak non dauden ikusi eta inguratzea erakusketarako. Hori aurrerago izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak