Sanmartinetako danbor hotsa bueltan da. Hilaren 15eko helduen danborradan 700 lagunek baino gehiagok hartuko dituzte kaleak, 22:30etik aurrera. 426 danbor eta 117 barrikaz gain, San Martinen errepresentazioa egingo dute San Martin plazan. Denera, 22 taldek hartuko dute parte. Horietatik bi berriak izango dira: Pirañak eta Txiri taldeek astinduko dituzte makilak lehendabizikoz. Umeen txanda irailaren 16an izango da, baina Nagore Narbaiza Udaleko Parte-hartze teknikariak adierazi duenez, parte-hartzaile kopurua zehaztu gabe dago oraindik: "Ez dago izena eman beharrik. Astelehenean hasi ziren entseguak, baina egun hauetan jende gehiago animatuko da".
Bi urtez, danborrada egin barik eta "gogotsu" agertu da Narbaiza. Gainera, dio "kuriosoa" izan dela danborradaren bilakaera: "Duela urte batzuk, gainbeheran zegoen erabat. Oso talde gutxik hartzen zuten parte, eta gazteek ez zuten parte hartzen. Udaletik hasi ginen sustatzen bai emakumeen parte-hartzea, baita jende gaztearena ere. Gaur egun, parekidea da, eta geroz eta gazte gehiago ateratzen da".
Esker ona Pellori
Duela hilabete batzuk zendu zen Pello Garitano. Bergarako Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak baita Nagore Narbaizak ere argi daukate Garitano haurren danborradako "arima" dela. Haurren nahiz helduen danborradan ere utzi du arrastoa, eta hura omentzeko Txurrukak Danbor txikia izeneko pieza konposatu du: "Uztaileko bileran, danbor taldeek erabaki zuten Pellori omenaldia egitea, danborradan urtero egin duen lanagatik. Pentsatu zen eskertza polita izan zitekeela martxa bat eskaintzea, eta niri proposatu zidaten konposatzea".
Gustura konposatu duela dio Txurrukak: "Pello bezalako jendeak, herrigintzan parte hartzen dutenek, horixe irakatsi digute: gauzak egiteko, besterik ez dela behar, egitea. Beraz, ekimen polita irudituta, pozik hartu nuen eskaera". Gainera, piezaren hasierak badu berezitasuna, Pelloren izen-abizenen bokaletan oinarritutako notez baitago osatuta.
Halaber, ez da pieza berri bakarra izango. Igor Larrañaga bandako zuzendariordeak konposatutako Lagun artean pieza estreinatu zuen kontzertu batean bandak. Danborradan ateratzen den Lokatza taldeari eskainia da, eta hau ere aurten joko da aurreneko aldiz.
San Martinen errepresentazioa
Hasiera batean, haurren danborradan egiten zen soilik San Martin Agirreren erailketaren errepresentazioa, baina Valen Moñuxek adierazi du duela hamar urte sartu zutela helduenean: "Alde batetik, danborren taldeak daude. Beste zatia errepresentazioa da, Japoniakoa. San Martin Agirre Japoniara joan zelako eta han eraili zutelako. Aspaldi erabaki zen Japoniako giroa sartzea Bergarako danborradan. Gure taldean, danbor-joleak japoniar janzten dira, karrozan ere geishak eta bestelako figurak joaten dira". 23:30ean hasiko da ekitaldia, San Martin plazan.
Enrike Txurruka, Musika Bandako zuzendaria: "Danbor-jole txikiengatik deitzen da 'Danbor txikia'"
"Pello beti ibili da mila saltsatan laguntzen, baina, bereziki, umeen danborradaren motorra izan zen urte askoan. Horregatik deitzen da Danbor txikia, danbor-jole txikiengatik. Aukera bezala hitz egin zen etorkizunean danborrada txikian jo ahal izatea; beraz, martxa erraza da: haurrentzat pentsatuta dago, haur abesti baten antzerakoa da. Martxak hitzak ere baditu, eta, hari ez ezik, urte hauetan danborradan erakusten ibili diren eta etorkizunean ibiliko diren guztiei buruz hitz egiten du".
Valen Moñux, japoniarren taldeko zuzendaria: "Pena da, baina ez da dantzaririk egongo aurten"
"50 lagun inguruk hartzen dugu parte. Beste taldeak, normalean, koadrilak edo elkarteetako jendea izaten da. Gurean, musikaletan eta antzerki munduan sartuta dagoen jendea gaude. San Martinen martirioa errepresentatzen ateratzen dira frantzizkotarrak, soldaduak, samuraia zaldian... Musika ezberdina da, gurea ekialdekoa baita. Aurten, pena da, baina ez da dantzaririk egongo. Dantza irakaslea gaixotu egin da, bajan dago eta ezin izan du koreografia prestatu. Hala ere, zerbait polita egingo dugu".
Nere Ibarra, Danbarrara taldeko zuzendaria: "Ederra da ikustea gazteek taldeak nola sortu dituzten"
"Asko gustatzen zait danborradan ateratzea, oso egun polita izaten da. Herritarrontzat egun garrantzitsua da. Gu hasi ginenean, askoz gutxiago ginen. Poliki-poliki, gazteak hasi dira sartzen. Ederra da ikustea zelan gazteek euren taldeak sortu dituzten. Gure taldean denok neskak gara, baina, berez, mistoa da; ez dugu lortu taldean mutilik sartzerik. Danborra jotzen hasi ginen, baina, barrika gutxi zeudenez, aldatzeko eskatu ziguten. Danbor asko daude, eta jendea barrika jotzen ateratzeko animatzen ari gara".
Asier Muñoz, Txiri taldeko zuzendaria: "Barrika jotzea danborra jotzea baino zailagoa da"
"Lokaleko 30 mutil aterako gara, adin askotariko bizpahiru kuadrilla, eta aurten hartuko dugu parte lehen aldiz. Norbaitek aipatu zuen izena emateko, eta dezente animatu ginen. Bergarakoa izanda, egun ederra da. Hasieratik prest nengoen zuzendari izateko; konpromisoa izan behar da. Barrikak egokitu zaizkigu. Danborra jotzea baino zailagoa da. Egia esanda, lehenengo entsegua desastrea izan zen. Hobetzen joango gara. Bandera egin dugu, eta janzkera bilatzen nahiz antolatzen ari gara".