Elosutik bidea, Karakateko parke eolikoa garraiatzeko

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 4a, 11:31

Otsailean jakinarazi zuen Capital Energy taldeko enpresak karakaten 100 metrotik gorako bi haize-errota jartzeko asmoa zuela, eta abuztuan aurkeztu ditu xehetasunak. Orain, erakundeak –tartean, Bergarako Udala– proiektua aztertzen ari dira.

Abuztuaren hasieran, Green Capital enpresak Karakateko parke eolikoaren gaineko xehetasunak argitaratu zituen txosten batean. Zehazki, bi dira jarri nahi dituzten errotak –100 metroko zutoina eta 80 metroko hegalekin–, eta piezak garraiatzeko, Elosutik joango den bidea eraikitzea proposatzen dute –bost metro zabal eta zortzi kilometro pasatxo ditu–. Horrez gain, dorre meteorologiko bat ere jarri nahi dute –hori ere 100 metro ingurukoa–, eta horretarako, 520 metro karratuko plataforma eraiki beharko luketela azaldu dute txostenean.

Kokapena ere zehaztu du enpresak. Dorreak antena baino apur bat aurreragotik Gizaburuagako tartean ipini nahi dituzte; dorreak Karakateko antena baino bi aldiz altuagoak izango dira. Bestalde, dorre eolikoak muntatzeko 3.000 metro karratu beharko direla aurreikusten dute.

Piezak eramateko, "aukera bakarra"

Enpresak azaldu du dorreen pieza handiak garraiatzeko, bidea egitea dela irtenbidea. "Parke eolikorako sarbide orokorra lehendik dagoen bide-azpiegituratik abiatuta egingo da", diote dokumentuan. Horretarako, Elosuan hasi eta dorreak eraikiko diren guneraino, pistak egokitu eta bost metro zabal eta zortzi kilometro luze dituen galtzada egin nahi du Green Capital enpresak.

Karakate Bizirik plataformak "kezka" adierazi nahi izan du gaiaren bueltan: "Errepide horrek mendigain guztia zeharkatuko luke, baita eremu megalitikoa gurutzatu ere, zenbait megalitotatik oso distantzia txikira igaroz".

Bergarako Udala, aztertzen

Egoera administratiboari dagokionez, Karakateko parke eolikoaren proiektuak ingurumen-ebaluazio pasatu behar du oraindik. Horretarako –enpresak aurkeztutako txostena oinarri–, Jaurlaritzak kontsulta egin die proiektua kokatuko den ingu-uko erakundeei; besteak beste, Bergarako Udalari.

Ingurumen azterketan kontuan hartu beharrekoak zerrendatu beharko dituzte erakundeek, eta irail erdialdera arte izango dute horretarako tartea. Nerea Egia Bergarako Udaleko Ingurumen teknikariak azaldu du dagoeneko hasi direla ebaluazio lanetan. "Proiektu potoloa da, eta Bergaran, batez ere, sarbideek eragingo dute, bidea Elosutik egitea proposatzen baita", dio. Behin udalen eta gainerako erakundeen ekarpenak jasota, Jaurlaritzak enpresa sustatzaileari helaraziko dizkio. Ondoren, urrian, proiektuak ingurumenean izango duen eragina aztertzen duen txostena argitaratuko du enpresak –udalek zerrendatutako ekarpenak aintzat hartuta–. Ostean, berriz izango da herritar eta udalen txanda, alegazioak egiteko.

Mobilizazioak eta dinamikak

Green Capital enpresaren asmoa salatu dute, beste behin, Karakate Bizirik plataformako kideek –Soraluzeko eta Elgoibarko herritarrek osatzen dute–. "Lanean jarraituko dugu datozen hilabeteetan, proiektu txikitzaile hau geratzea lortu arte, bai bide legaletatik alegazioak jarriz, bai herritarren mobilizazioa sustatuz (...) Proiektuaren helburua, energia sorkuntza aitzakia moduan hartuta, irabazi ekonomikoak lortzea besterik ez da", adierazi dute.

Era berean, Elosutik abiatuko den bidea gaitzesteaz gain, dorre meteorologikoek eragingo dutena ere jarri dute jo-puntuan: "Ebakuazioa Elgoibarko Azkueko zentralera egingo da, 4 kilometroko sarean zehar lurpetik, eta auzo horretan bertan sekzionamendurako eraikuntza berria aurreikusten du enpresak".

Mendilerrora bueltatuta, ingurunearen balio natural, arkeologiko, geologiko edota paisajistikoa "babestu" behar direla azpimarratu dute. "Karakatetik Elosurainoko mendigaina bizirik nahi dugu", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak