Gernikako kimuaren inguruan bildu da Alai taldea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 8a, 17:34

Maiatzean omenaldia jaso bazuten ere, Iparragirre kaleko kimuaren aurrean elkartu dira hamasei kide, gaur eguerdian, pandemia aurretik hitzartuta zuten hitzordurako; hiru kantu abestu dituzte, aurreko belaunaldietako gizonak eta emakumeak omentzeko.

Maiatzaren 7an, Alai taldea omendu zuten Seminarixoan, berrogeita hamar urteko ibilbidea dela eta. Agur itxura izan zuen ekitaldi hark, taldean emango zuten azken kontzertua izango zela adierazi baitzuten. Dena den, berriro elkartu dira eguerdian taldekideak, Bergarako Iparragirre kalean dagoen Gernikako kimuaren aurrean hiru abesti kantatzeko. Emanaldi informalagoa izan bada ere, bertaratu direnek gustura entzun dituzte herriko gizonezko taldearen ahotsean Gernikako arbola, Jeiki jeiki eta Euskal Herriko semeak gera abestiak.

Omenaldia arbasoei

Alai taldeko Aitor Eraña kideak azaldu duenez, Gernikako kimua landatu zutenean abesteko asmoa zuten, baina pandemia dela-eta "atzeratu egin da kontua". Xabier Olabarria taldeko zuzendariak hauxe dio: "Lagun batek esaten duenez, hark hartu zuen Gernikako arbolaren azken ezkurra, eta Bergaran landatu zuen. Arbasoak han ibiltzen ziren, eta horiek omentzeko egin dugu ekitaldia". Aurreko belaunaldietako gizonei eta emakumeei eskaini dizkiete kantuak. Jendeak gustura hartu du Alairen saioa, eta poza ematen dio horrek Olabarriari: "Jendea gustura geratzeko itxaropenarekin entseatzen dugu. Hori da gure asmoa".

Pello Garitano gogoan

Maiatzean eman zuten azken kontzertuan hamazazpi kide elkartu baziren ere, hamasei izan dira gaur, duela hiru aste hil baitzen Pello Garitano, tartean, Alaiko kide eta herrigintzaren ikurra. Taldekideek ere gogoan izan dute bergararra ekitaldian: "Pello oso oinarrizkoa izan da taldean, baita beste hainbat esparrutan ere. Hura izan da taldearen arima horietako bat".

Kantatzea, zainetan

Talde honek kantatzea zainetan darama. Despedida egin zioten, bai, baina Erañak aurreratu duenez, litekeena da noizean behin hitzorduren bat izatea: "Alai talde bezala ez dugu jarraituko, baina puntualki zerbait ateratzen bada eta gogoa badaukagu, abesteko elkartuko gara nahi dugun guztiok".

Ildo beretik jarraitu du zuzendariak: "Batzuek jarraitzeko asmoa daukagu. Talde bezala ez dakit nola jarraituko dugun, baina badago talde txiki bat jarraitzeko gogoarekin".

Berri horrekin herritarrak poztu egingo direla eta, Xabier Olabarriak gaineratu du kaleak alaitzea dela euren asmoa, orain arte egin duten bezala: "Dagoeneko ez gara horren gaztetxoak, baina abestea gogoko dugu. Niretzako, behintzat, ez da lana edo konpromisoa, zaletasuna da; beraz, jarraitu egin behar da horrekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak