Akelarre (Pablo Aguero, 2020) filmeko protagonistetako bat izan zen Bergarako aktorea ekainaren 10ean estreinatu zuten Intimidad telesail arrakastatsuko Leire pertsonaia da.
Zelan daroazu Intimidad telesaila izaten ari den arrakasta?
Bada, sinistu ezinik nago. Bukatuta ikusi nuenean, lan potentea eta beharrezkoa zela pentsatu nuen, baina ez nuen inondik espero halako harrerarik. Niretzako oso berezia da proiektu hau eta leku oso polit batetik bizi dudala esango nuke.
Zergatik diozu hori?
Nire lehenengo telesaila da, lan oso indartsua; batetik, jorratzen duen gaiagatik –intimitatearen apurketa–, eta, bestetik, aktoreak brutalak direlako. Neska oso potenteak, aktore eta pertsona moduan ere bai; motxila polit baten dut oraindik bizirik dagoen proiektu hau gordeta.
Jatorrizko hizkuntza ingelesa ez duen munduko hamar ikusienen artean dago. Non ote dago gakoa?
Datu horiek eta irakurtzen ari naizen kritikak sinistu guran nabil. Ez dakit nola azaldu, baina ikaragarria da! Jendeari pentsarazten ari gara eta hori niretzako oso garrantzitsua da.
Zertan ari zara igartzen zu?
Instagrameko kontuan, bereziki, mezu pila bat ari naiz jasotzen. Akelarre-rekin ere jaso nituen, baina oraingoan askoz gehiago. Denak irakurtzen ditut eta guztiak erantzuten saiatzen naiz. Asko eskertzen dut, niretzako oso garrantzitsua da feedback positibo hori jasotzea.
"Zorion mezu asko ari naiz jasotzen; aurrera egiteko indar handia ematen didate"
Konta dezakezu mezu horietan zertzuk esan dizkizuten?
Aurreko batean, adibidez, psikologo batek idatzi zidan, nire pertsonaia oso ondo ulertzen dela eta egiten dudan lana bereizi egiten dela esanez. Oso zirraragarria izan zen; izan ere, idazten ari dena ez da nire laguna, baizik eta ezagutzen ez dudan eta gaian aditua den profesionala, eta nire pertsonaiak psikologikoki asko du; horregatik, mezu honek asko pozten eta aurrera egitera animatzen nau.
Profil ezberdineko bi emakumeren bideoak eta argazkiak baimen barik zabaldu dituzte sare sozialetan. Hala abiatzen da kontakizuna.
Bi istorio oso berezietatik abiatuta, sare sozialetako intimitate apurketak, bullying-ari buruzkoak eta sakoneko beste gai asko fokuan jartzen ditu. Honetatik guztionetatik ateratzen dudan ondorioa da zelako erraztasuna dugun ezer galdetu barik pertsona baten intimitatea apurtzeko; hausnartzeko gai sakona, duda barik. Erasoa jasaten duen Malen-en (Itziar Ituño) alaba naiz ni, baina, era berean, Leire-k bere azalean ere baskotariko erasoak biziko ditu. Pribatutasuna asko zaindu behar dugu, kostatu egiten bazaigu ere.
Telesaila estreinatu eta egun gutxira, Santi Millan aktorearen bideo bat sarean zabaldu zen. Zer diozu?
Bada, gaur egungo gizartean dagoen errealitatea erakusten duela gure istorioak. Millan pertsona ezaguna izanik, kasu hori argitara atera da, baina halako gertaera anonimo ugari daude, zoritxarrez.
"Intimitate eskubidearen urraketez hausnartzera bultzatzen du"
Halako kasuen salaketak areagotzen lagunduko duela uste duzu?
Ez dut uste telesailak pertsonak aldatuko dituenik, baina jasotzen ari garen mezuek adierazten digute gaiari buruz hausnartzera bultzatzen ari dela.
Itziar Ituño, Emma Suarez, Veronica Echegi, Ana Wagener eta Patricia Lopez de Arnaiz aktoreak izan dituzu, besteak beste, alboan. Zelan sentitu zara?
Isilune luze bat izan zen nire erantzuna, agenteak horiekin guztiekin lan egiteko proposamena egin zidanean, niretzako erreferente handiak direlako. Eta orain ikusten dut guztion artean sekulako lana egin dugula; eurek pila bat erakutsi didate, denek, baina nik ere eurei zerbait erakutsi diedala esango nuke. Ikaragarria da, esaterako, Ana Wagenerrek "egin duzun lana talentuz beteta dago" esaten entzutea. Errodajean eta hortik kanpo eurekin horrenbeste partekatzea pozgarria eta hunkigarria da niretzat; asko bizi izan dute, eta izugarri gozatu eta ikasi dut eurei entzuten.
Nolakoa da Leire?
Nerabe berezia da, esango nuke ez duzuela askotan telesailetan agertzen den nerabe-prototipo hori ikusiko. Gure nahia nerabeek duten kapa ezberdinetan sakontzea zen, eta esango luke lortu dugula. Pertsonaia ulertzeko asko lagundu dit atzera begiratzeak, Leire-k sentitu dituen momentu askok nire nerabezarora eraman naute.
Euskal Herrian kokatuta dago, Bilbok protagonismo handia du. Zuretzako lagungarri izan da?
Duda barik, opari bat izan da hori! Bilbon bost urtez bizi izan naiz, han egin nituen aktore ikasketak, eta etxean moduan sentitzen naiz, eta izugarri gustatu zait gero, besteak beste, Bilbo telesailean zelako polita agertzen den erakustea.
Ez da euskaraz, baina euskara presente dago telesailean.
Hori da, eta asko lagundu dit horrek; esaterako, niretzako luxua izan da errodajean lantaldekoekin euskaraz jardun ahal izatea. Era berean, telesailak Euskal Herrian nola bizi garen ondo erakusten duela esango nuke, ikastetxeetan eta askotariko arloetan euskarak duen garrantzia azaleratuta.
Otsaila ezkero, Madrilen bizi zara; euskaldunak ez direnengandik ere jaso duzu euskararen inguruko mezurik?
Euskarari buruzko mezu pila bat jaso ditut eta Madrilen ditudan lagun askok adierazi didate euskara ikasteko gogoa; beraz, arlo horretan ere filmak eragin duela esan daiteke. "Egin euskaraz guri, nahiz eta ez dugun ulertuko" esaten didate, eta hor ibiltzen naiz, bai, ez, egun on eta halakoak erakusten, eta oso polita da, egia esan.
Zenbat aldiz ikusi duzu dagoeneko?
Estreinatu aurretik, osorik, bost alditan, eta nire sekuentziak gero, auskalo zenbat bider. Oraingoz, ez dut gehiagotan ikusteko asmorik, nahiago dut jendeak disfrutatzea; kar-kar.
Ikusi ez duenari nola gomendatuko zenioke telesaila ikusteko?
Epaitu barik; uste dut pertsonaiak ez direla epaitu behar, baizik eta ulertu.
Akelarre-rekin Donostia Zinemaldi-ra eta bigarrenarekin Netflixen markak hausten. Kontziente zara? Bai, baina oso burugogorra ere banaiz eta ez naiz dudanarekin konformatzen, egunero ikasten gogor jarraitzea gustatzen zait, eta espero dut ogibideak gauza politak ekartzea; izan ere, une honetan bizitzan dudan gauza garrantzitsuenetakoa da.
Zelan duzu udako agenda?
Los santos inocentes antzezlanean nabil, hor ere puntako lantaldearekin. Urtebeteko bira dugu eta hara eta hona ibiliko gara; otsailean Arriagan izango gara.
Mimoz eginda, merezitako ordaina
Gure aspaldiko lagunak dira talde artistikoan eta teknikoan jardun dutenak, eta oso harro gaude egin dugun lanagatik, dio Txintxua Films-eko ekoizle Marian Fernandez Pascalek, eta zera gaineratu du: "Plataforma batekin lehen elkarlana izanik, ezin nuen noraino iritsiko ginen neurtu, baina herrialde askotatik iristen ari diren kritikak aintzat hartuta, asmatu dugula ikusten dugu".
Faktore askoren baturan ikusten du Fernandezek arrakastaren gakoa. "Apustu handia egin genuen casting-arekin. Lokalizazioak mimo handiz aukeratu ditugu errealitatetik gertu egoteko, eta, arrazoi beragatik, euskarak bere tokia behar zuen. Teknikoki asko zaindu dugu, eta gaia ere faktore indartsua da. Bigarren denboraldia izango den, ez dago gure eskuetan hori erabakitzea, baina istorioak eta pertsonaiek emango luketela uste dut".
Imanol Gallego (Zinean aditua): "Errealitatearen erretratu osoa egiten du telesailak"
Hondar ahoak-ekin erakutsi zuen Txintxua Films-ek telesailak egiten dakiela, eta Intimidad-en arrakastak berresten du hori. Konplexu barik egindakoa da, folklorismotan jausi barik, gaur egungo Euskal Herrian kokatuta eta bertako talde teknikoa eta artistikoa duena. Istorio gogorra, besteko sinesgarria eta barrua mugiarazten duena.
Arrakastaren gakoak, nire ustez, bi dira: gidoi mardula eta puntako aktoreen zerrenda, elkarri oso ondo lotuta daudenak. Mundua orain konturatu da euskal zinema industria kalitatezkoa dela.