Agorrosinen belar artifiziala jartzeko lanak uztailaren 4an hasiko dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 30a, 12:46
Agorrosin futbol zelaia, gaur goizean. Argazkia: Mikel Larrañaga.

Agorrosingo belar naturala kendu eta artifiziala jartzeko lanak uztailaren 4an hasi eta urri amaieran bukatzea aurreikusten du Udalak; Construcciones Artzamendi enpresak gauzatuko du obra eta lehen fase honen aurrekontua 1.055.833 euro da –BEZa barne–.

Asteburu eskas falta da Agorrosin futbol zelaiko belar naturala Bergarako iraganaren parte izan dadin. Futbol zelaiaren argazki zaharrenak 1920ko hamarkadakoak dira, eta, beraz, 100 urteren ondoren heldu zaio ordua behar berrietara egokitu eta zelai artifiziala jartzeko. Izan ere, Bergara Kirol Elkartearen gaur egungo zuzendaritzaren helburu nagusia izan da Agorrosin Berria egitea, behar gorriena zelai artifiziala jartzea izanik, egunerokorako Ipintzako zelaia oso txiki geratu zitzaielako aspaldi. BKEk zelaia Udalari lagapenean eman eta lanak abiatzeko hitzarmena sinatu ostean –COVID-19ak eragindako atzerapen eta guzti–, heldu da ordua makinak Agorrosinen ikusteko.

Urri amaieran amaitu nahi

Agorrosin Berriko lehen faseko lanak hasiko dira astelehenean. Construcciones Artzamendi SA enpresa izango da exekuzioaz arduratuko dena; uztailaren 4an hasi, eta lanak urriaren amaieran bukatzea aurreikusten da; Udaletik adierazi dutenez, tartean abuztua dagoela aintzat hartuta obraren amaiera epea luzatu egin daiteke. Lanen adjudikazio kopurua 1.055.833 euro da –BEZ barne–.

Lehen fase honetan, belar artifizialeko jokaleku bat egingo da, zelaiaren kokapena partzelaren ipar-mendebaldera mugituz. Jokaleku berriak 105 metroko luzera eta 68 metroko zabalera izango ditu, eta hegaletan metro eta erdiko kanpo-hegalak izango ditu. Hondoetan, berriz, bi metro eta erdiko zabalera bermatuko dute. Perimetroko pistak lau metro eta erdiko zabalera izango du, eta segurtasun-banda perimetral moduan erabiliko dute. Hortaz, gaur egungo atletismoko pista aldatu egingo da, eta laukizuzena izango den pista perimetrala izango du berriak. 

Artifizialaren azpitik, geosarea

Gerora erabili ahalko den kirol ekipamendu osoa kendu ondoren, eraitsi egingo dira baranda zatia, iparraldeko bloke-horma eta biltegia. Ondoren, lurren mugimenduari ekingo diote eta gainazaleko lanekin hasi aurretik, garai bateko meatzeek ekar dezaketen arriskuari begira, bereziki, geosare baten bidez bermatuko dute zelai berriaren egonkortasuna. Zelaiaren azpian geosarea jarri ostean, besteak beste, argiteriarako dorreak eta ureztatze sistema berriak jarriko dituzte. Belar artifiziala egokitzeko lanak lehen fasearen amaieran egingo dira; ureztatze-sarea osatu ondoren, zangen gainean 15 zentimetroko behin-behineko geruza bat zabalduko dute eta horren gainean instalatuko dute futbol-zelaiko belar sintetikoa.

Meategiek arazorik ez sortzeko geosare bat jarriko dute zelai berriaren azpian

Soropil sintetikoa jarriko dute, futbol-zelai berria intentsiboki erabiltzeko aukera bermatzen duena, eta mantentze-lan handirik beharko ez duena. Amaitzeko, argiztapena jarri ostean ekipamenduak jarriko dituzte; tartean, ateak eta banderatxoak, dagozkion zimenduak egin ondoren.

Futbol campusa, azken ekintza

Ligako azken partidua maiatzaren 21ean jokatu bazen ere, azken unera arte izan ditu erabiltzaileak Agorrosingo belar naturalak; asteon, esaterako, BKEren futbol campusak batu dituen 160 neska-mutikoek ariketetako batzuk bertan egin dituzte. Aurten, astebetera mugatu arren, hiru asteko campusa egitea erabaki dute, Mikel Larrañaga koordinatzaileak zehaztu duenez: "Neska-mutikoak oso gustura dabiltza, futbolean zein futbolarekin zerikusia ez duten ekintzetan". Bestalde, Agorrosin izan zen ekainaren 10ean eta 11n ospatu zen Ekinez musika jaialdiaren topalekua; 4.000 lagundik gora batu ziren asteburu bakar baten berdegune horretan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak