Hamaika dira urteetan izan dituen erabilerak. Egun, baina, hezkuntzaren alorrean estuasunetik argigunera eramateko bidea eskaintzen duen erakunde batek du bertan egoitza: UNEDek.
Malgutasuna
Mende erdira bidean da unibertsitate publikoaren bailarako jarduna. "Tokiko eragileei esker, haien eraginez, eta haien eskutik", hezkuntza zentroko arduradunen hitzetan. Izan ere, Bergarako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute herri, eskualde, Espainia zein nazioarte mailan eragiten diharduen erakundea.
Sorreratik, malgutasuna da UNEDen nortasun eta bide-orri nagusia. Jakintza-arlo zabalean goi-mailako irakaskuntza eskaintzen dute; humanitate zein zientzietan, ikasketa ofizialak, berezko tituluak edota formakuntzak dituzte aukeran ikasleek. "Prestakuntza zabala, gaurkotua eta kalitatezkoa", irakaskuntza-eredu erdipresentziala baliatuz.
Bertakoak
Euskararekin zein gizartearekin duten "lotura indartu eta errazteko" eman dute Goiena Komunikazio Taldearekin elkarlanean hasteko urratsa; ingurunearekin "harremanak sendotzeko", alegia. Ikasketa ofizialetan bertako hizkuntzak presentziarik ez duen arren, eguneroko errealitatean eta programazio propioan euskarari dagokion espazioa eskaintzen diote. Udazkenean, esaterako, euskara hutsean izango diren sei ikastaro eskainiko dituzte, zuzenbidea, komunikazioa, historia, zinema, dantza eta musika oinarri hartuta.
Aurrera begira
Udako atsedenaren atarian, jarriak dira 2022-2023ko ikasturteari begira. Datorren eguaztenean, ekainak 22, aurkeztuko dute, Donostiako Koldo Mitxelenan (19:00), esku artean izango duten eskaintza; egun berean irekiko dute matrikulazio epea. Zenbakitan, Bergarako hezkuntza zentroan 30 gradu, 11 gradu bikoitz, 80 master, 20 doktoretza programa, 12 mikrogradu eta mikromaster bat kudeatuko dituzte. Bi berritasun nagusirekin: Haur Hezkuntzako eta Energien Ingeniaritzako graduak. Formakuntza propio zein jarraituak ere izango dira aukeran.
"Eredu desberdinetan emandako prestakuntza integrala" baitute izatearen oinarri, eta urratutako bideari eutsi eta hobetzea baitute xede. Hala nahi duenak, badu non aukeratu.