'Amaiur 1922-1936 Memoria demokratikoa' erakusketa, Bergarako Laboratorium museoan ikusgai

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 21a, 11:37

Irailaren 11ra arte egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak egin ahal izango dira. Amaiurko Memoria tokiaren ibilbide historikoa biltzen du erakusketak. Bergarako Udalak azaldu duenez, "erakusketa honen bitartez, XX. mendearen hasieran, askatasun demokratikoaren nahiz Errepublikaren defentsan borroka egin zuen belaunaldi batek Amaiur nola ulertzen zuen aurkeztu nahi da".

Amaiurko memoria demokratikoa jasotzen duen erakusketa zabaldu da Bergarako Laboratoratorium museoan. Behin-behineko erakusketa atzo, astelehena, zabaldu zuten eta irailaren 11ra bitartean egongo da ikusgai. Bisita gidatuak egingo dira uztailean eta abuztuan. Laboratoriumetik aurreratu dutenez, "ohiko bisita gidatuen tratamendua emango zaie". 11:00etan eta 12:30ean egingo dira, eta "Bergarako turismo bulegoak eskaintzen dituen bost aukerei gehituko zaie". Hortaz, ordu horietan hurbiltzen diren herritarren aukeratu ahal izango dute zein bisita egin. Hala ere, aurretik, bisita gidatu hau egiteko ere eska daiteke.

Aurreneko bisita gidatua egin ahal izan zuten arratsaldeko seietan Laboratoriumera hurbildu zirenek. Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko teknikari Maite Errarteren gidaritzapean egin zuten bisita. Teknikariak azpimarratu duenez, Amaiurko 1522ko setioa oroitu nahi izan duten pertsona horien errekonozimendua eman nahi zaie. "XIX. mende amaierako eta XX. mende hasieko generazio horrek Amaiur memoria toki bezala fundatu zuten, eta erakusketa honetan ikus daiteke memoria hori nola gorpuztu zen, nola eten zen gerra garaian eta faxismoaren ondorioz, eta gero XXI. mendetik aurrera nola loratu zuten".

Belaunaldi horretako protagonistak izan ziren, esaterako, Arturo Campion humanista eta politikoa; Telesforo Monzon idazle eta politikaria; edota Bittori Etxeberria politikari eta feminista dira.

Halako erakusketen garrantzia ere nabarmendu du Errartek, mundu guztian daudelako memoria tokiak "sentimendu askoren bilkura dielako, askotan kontrajarriak baina askotan interesa sortzen dutenak herritarren artean".

Erakusketa, Laboratoriumen

Olaso Dorreak proposatu zuen erakusketa Bergarara ekartzea. Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko kidea da eta adierazi duenez, Fundazioa Telesforo Monzonen oinordea da, eta "berak defendatutakoa aurrera eramaten jarraitu nahi dugu, Amaiur oso ikur garrantzitsua da gure historian, eta bera bizi balitz uste dugu erakusketa Bergarara ekartzea eskatuko zuela".

Laboratoriumeko jarduerak zientziari, berrikuntzari eta teknologiari lotuta badaude ere, Gorka Artola alkateak adierazi du, beti planteatu dela giza museo bezala: "Historia, gizartea eta memoria lantzea gizarte lan hori egitea da, eta dibulgazioa da hori ere". Arteari edota historiari lotutako erakusketak egiten direla dio, beraz, "testuinguru horretan sartzen dira, eta lekua dute Laboratoriumen nahiz Bergarako kultura eskaintzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak