"Manifestazio honen bitartez berriz ere aldarrikatu nahi dugu ez dugula nahi erraustegirik, ez hemen ez inon", esanez hartu dute hitza Larramendiko Arnasa taldeko kideek. "Baina, zoritxarrez, egun hauetan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela onartu Bergarako Udalak erraustegiaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Astelehenean aktibitatea baimentzen duen ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian", azaldu dute ondoren.
Valogreenek eskatu du dagoeneko obra egiteko baimena, eta Larramendiko Arnasa taldeak ohartarazi du enpresak "erraustegia ezar dezakeela" Bergarako lurretan.
Sei arrazoi eman dituzte
Mobilizazioaren ostean, taldeko kideek hartu dute hitza San Martin plazan. Sei puntu azpimarratu dituzte, Valogreene enpresaren jardueraren kontra.
Alde batetik, esan dute jarduera ez dela "bateragarria" indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorretik eta Larramendi Sektoreko Plan Partzialetik eratorritako hirigintza zehaztapenekin. "Plan horrek ez du aurreikusten hondakin tratamendurako instalaziorik, eta instalazioaren jarduera nagusia pirolisi bidezko tratamendu termikoa da. Hau da, hondakinak koerrausteko instalazioa litzateke; alegia, erraustegia", zehaztu dute.
Bestetik, "isilpean" landutako proiektua dela esan dute: "Ezkutatu egin dituzte, adibidez, tratatu beharreko hondakinen protokoloa, erabiliko diren ekipo teknikoak edo kare produktuen irtenbideak.
Ingurumen azterketak "akatsak" dituela ere adierazi dute. "Ez dira aztertzen berotegi-efektuko gasen isuriak, airearen kalitatea, sintesi-gasaren kontrolik gabeko erretzearen ondoriozko leherketa arriskuak, ezta inpaktu akustikoak ere.
Alderdi teknikoagoei erreparatuta, azaldu dute 592.000 tn/urtean ke isuriko dituela, 8.000 tn/urtean "hondakin arriskutsu" sortuko dituela, 90.000 tn/urtean "ur zikin" isuriko dituela eta 10 tn/urtean merkurio isuriko dituela airera.
Horri lotuta, salatu dute ebazpenak ez duela baloratzen "jarduera nagusia": "Lohiak erraustu ondoren, errautsetatik kaltzio karbonatoa berreskuratzea ez da jarduera nagusia. Izan ere, urtean 150.000 tona paper-lohi sartzetik 27.600 tona kare harri baino ez lirateke irtengo, metal astunez kutsatua gainera".
Bukatzeko ohartarazi dute enpresak ez duela "inolako esperientziarik" sektorean. "Prototipo bat besterik ez du garatu. Bergarako pirolisi-instalazioa bere lehen esperientzia izango litzateke", diote.
Salaketa, Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritzak proiektua "inposatu" duela ere salatu dute gaur. "Udal Gobernuaren eta herritarren gehiengoaren nahiaren gainetik ezarri nahi dute (...) Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna enpresa pribatuen interes ekonomikoen alde egitea da, herritarren osasunaren gainetik (...) Mozorro berdearekin jantzi du Valogreenen proiektua", adierazi dute, besteak beste.