Seminarixoa ere, Gariren ibilbidearen lekuko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko eka. 16a, 19:02

Lazkaoko, Bilboko eta Getxoko kontzertuak eskainita, bihar, egubakoitza, 20:00etan, Bergaran egingo duen emanaldiarekin borobilduko ditu Garik, Maldanbera taldea lagun duela, zuzeneko diskoaren grabaketak; sarrera gutxi batzuk geratzen dira.

Hertzainak taldea bertan behera utzi zutenean abiatu zuen taldeko abeslariak bakarkako ibilbidea; harrezkero, bederatzi lan argitaratu ditu, eta Durangoko Azokan aurkezteko asmoa du, Elkarren eskutik, haren ibilbidea laburbiltzen duen zuzeneko lana. "Bira txiki bat antolatu dugu eta pozik gaude zaleek egin diguten harrerarekin. Gogotsu gaude gaurko emanaldirako, niretzako berezia, jaioterritik gertu izango naiz eta gertuko lagunekin biltzeko aukera izango dut", dio Garik.

Bergaran zuzeneko bat grabatzen duen bigarren aldia da Garirentzako, 1991n Txibisto aretoan Hertzainak taldearekin jasotakoa gogoan hartuta. "Beste garai batzuk ziren. Teknikoki alderatuta, adibidez, ikaragarri aldatu dira gauzak. Gogoan dut Txibistoko grabaketarako unitate mugikor bat ekarri genuela. Aurrekontua eta, orokorrean, ekoizpena ikaragarriak ziren eta gaur egun errazagoa da, baliabideek ahalbidetzen dute bira txiki bat egin eta kontzertu guztiak grabatzea, eta horrek musikarioi beste ikuspegi bat eta lan egiteko beste lasaitasun bat ematen digu".

70 minutu inguruko bilduma

1995ean argitaratu zuen Gari, bakarkako lehen lana, eta harrezkero sortutako lan guztietatik aukeraketa eginda osatu dute lan berriaren zerrenda. "Disko guztietatik aukeratu ditugu kantak. Ibilbidearen argazki bat ateratzen saiatu gara. Zerrenda konposaketa ez da erraza izan, urte asko izan dira eta etapa ezberdinak egon dira. Aldaketa ikaragarriak izan dira sonoritate aldetik, kantuen egitura aldetik, kolaboratzaileei eta taldekideei begiratuta ere bai. Gutxi gorabehera, 70 minutuko iraupena izango du bildumak, 26 kantu ingururekin osatuko duguna".

Maldanbera lagunekin

Laukote formatuan izango da taularen gainean, Alex Alonso –bateria eta programazioak–, Oier Aldekoa –baxua, teklatuak eta ahotsa– eta Miguel Moyan –gitarra, teklatuak eta programazioak– lagun dituela, eta Unai Mimenza soinu teknikariak eta John Luhman argi teknikariak osatzen dute lantaldea. "Ez da amaiera (Elkar, 2013) prestatu nuenean inflexio puntu bat izan zen eta handik aurrera nire asmo bakarra Bilbo inguruan lantalde bat sortzea izan zen, musikariek eta teknikariek epe luzera lan egiteko asmoz. Hamabi urtean taldea ia berdina izan da eta horrek eman dizkigu gure ofizioa lantzeko baliabideak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak