Larramendiko Arnasak manifestazioa deitu du ekainaren 19rako

Hasier Larrea 2022ko eka. 14a, 19:20

Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena eman zion Valogreene enpresari atzo. Larramendiko Arnasa elkarteko kideen esanetan, Jaurlaritzak "maila demokratiko eskasa" erakusten du,  "Bergarako Udalak aurkeztutako alegazioei jaramonik egin ez dielako, ezta gora jotzeko errekurtsoari ere". 

Larramendiko arnasak honakoa adierazi du gaur, San Juan baselizan egindako agerraldian: "Apirilaren lehen astean Jaurlaritzak Valogreene enpresari atea ireki zion Larramendin erraustegi bat jartzeko. Erabaki horrek,  agerian uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, herritarren osasunaren gainetik, enpresa pribatuen interes ekonomikoen alde egitea dela".

Jaurlaritzak jarduera baimentzeko hartutako erabakia "gezur handi batean" oinarritzen ei da, "ukatu" egiten duelako ezarriko den jarduera "hondakinak kudeatzeko jarduera dela, hau da, erraustegia".

Eman dituzten datuen arabera, 155.000 tona paper hondakin tratatuko lituzke urtean, 8.000 tona hondakin arriskutsu sortuko, 552.000 ke tona, 90.000 tona ur zikin  eta airera 10 merkurio tona  isuriko: "Nola defendatu dezake hori ingurumen organoak? Nola defenda dezake Jaurlaritzak proiektua garapen iraunkorreko helburuarekin bat datorrela? Gure ustez jarrera desegokia dauka, Udalaren eta jendearen nahiaren gainetik jarri baita".

Manifestazioa, "Jaurlaritzaren jarrera salatzeko"

Arrazoi horiengatik, igandean, ekainak 19, manifestazio bat antolatu du Larramendiko Arnasak, 12:30ean, San Martin plazatik abiatuta. Era berean, gogoratu dute ekintza desberdinak egiten ari direla: "Bergarako jaietan txosna eremuan egon gara, herritarren onarpena jaso dugu, eta salaketa batzuk egin ditugu, bata fiskalaren aurrean, Javier Agirre Orcajo eta Amaia Barredo Martinezen aurka, hauek baitira baimena eman dutenak; eta bestea, kontu hartzailetza auzitegian, milioi bat euro eman diolako Jaurlaritzak Valogreene-i COVID-19a aitzakiatzat hartuta".

Larramendiko Arnasak  proiektuaren aurkako 4.500 alegazio aurkeztu ditu guztira, baina batzuen erantzunak baino ez dituzte jaso.

Planta baserri batetik 125 metrora kokatuko litzateke, Basalgotik 440 metrora eta Bergarako hirigunetik kilometro batera, "hori guztia azterketa espezifikorik egin gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak