2014an Kerobiak agur esan bazuen ere, 20. urteurrena ospatzeko itzuli zen joan den urtean. Bihar 23:00etan izango da kontzertua, San Martin plazan. Bandinirentzat berezia izango da; alde batetik, pandemiaren ostean, herriko festa batzuetan taldeak eskaintzen duen lehena baita; bestetik, amaren herrian arituko delako.
Nolakoa izan zen Kerobia taldearen itzulera?
20 urte egiten genituela ohartu ginenean, ospatzeko zerbait egitea polita izango zela pentsatu genuen. Ordura arte ez genuen binilorik kaleratu, eta bikoitza atera genuen, ilusioa egiten baitzigun. Erantzuna ona izan zen, eta, musikariak garen heinean, ospatzeko onena kontzertuak ematea zela iruditu zitzaigun. Oso polita izan da buelta hori, jende pila bat bildu baitzen hiru emanaldietan. Azken urtea oso frenetikoa izan da.
Zeintzuk dira 2001eko eta 2022ko Kerobiaren ezberdintasunak?
Agur esan genuenean, bazegoen puntu bat esaten zuena ea etorkizunean aurreko lanak baino gauza hobeagoak egingo ahal genituen; arrakasta gehiago izango genuen. Denborarekin ohartu gara tranpa dela. Espektatibak kanpoan uzten badituzu, zailagoa da gauzak zure neurrian egitea.
Disko bakoitzak istorio bat dauka. Zer kontatzen du Hilak diskoak?
Etorkizun hurbilean pertsona komunitate ezberdinek Lurra uzten dute globo kosmikoetan, guk asmatutako espazio-ontzietan, etxe berria topatzeko asmoz. Ez dute arrakastarik eta espazio-ontziak eskegita geratzen dira eguzki-sisteman. Beraz, globo kosmiko bakoitzean gertatzen dena kontatzen da. Gugana ekarrita, etxeko segurtasun horretatik ateratzean eta etxe berria topatzen ez dugunean gizakiaren pasioak hartzen du indarra. Nola, ohartu gabe, giza eskubideak, berdintasuna eta halako balioak mugitu daitezkeen autoritarismoa, faxismoa eta halako balioetara.
Nondik dator diskoaren izena?
Hilak da hitza, baina Hilak bai ala ez? izango litzateke. Iruditu zitzaidan bere garaian ondo neurtzen zuela ziurgabetasun hori, biziraungo dugun edo ez.
Hilak-ek nolako erantzuna izan du?
Harrera ona izan du. Denbora gutxi utzi dugu diskoa atera genuenetik bira hasi arte. Lehenengo kontzertutik ikusi dugu jendeak kantu berriak badakizkiela. Horrek dena esaten du.
Ama bergararra duzu. Zer eragiten dizu zapatuan Bergaran jotzeak?
Denbora asko pasa dut Bergaran. Amaren herria da eta familia daukat bertan. Berezia da. Iruñean jotzen duguneko sentsazio bera daukat; nerbio puntua ematen dizu, baina etxekoendako jotzea bezala da.
Bergarako ze oroitzapen dituzu?
Zenbatezinak dira. Haurra eta nerabe nintzenean, kontatu ezin diren barrabaskeriak egin nituen [Barre]. San Martin plazan joko dugu, eta duela asko, festetan, Bide Ertzean ikusi nuen bertan.
Pandemiaren ostean, festa batzuetan joko duzuen lehen aldia da?
Bai, hala da. Data gutxi batzuk planeatu ditugu; gero, etorriko dira gehiago. Udan kontzertu gutxi jotzea erabaki dugu; hori bai, leku politetan, goxo eta jendearekin izerditzeko. Musika ez da gure ogibidea, baina egiten duguna disfrutatzeko egiten dugu. Bergarara gogo betez goaz.
Biharko espoilerrik egiterik bai?
Hilak laneko kantuak joko ditugu, baina baita Kerobiaren kantu goxoenak eta jendeari gehien gustatzen zaizkionak ere. Gainera, gezurra badirudi ere, aspaldi konposatutako letrak jotzeak emozionatu egiten nau. Ez dakit oso ohikoa den hori.