Gaur lehertuko da festa Bergaran, Aspace elkarteko kideek jaurtiko duten suziriarekin eta Bitorianatxoren jaitsierarekin. 50. urteurrena ari da ospatzen elkartea, eta Pentekosteetan ere protagonista izango da. Agustin Toledok, Aritz Bikuñak eta Eneko Ziarsolok botako dute txapligua, baina kide guztientzako "berri pozgarria da". Denen izenean botako dutela suziria diote. "Ikus gaitzaten nahi dugu. Garrantzitsua da; izan ere, jende askorendako Aspace beste mundu bat da, eta ozen esan nahi dugu ez garela gaixoak. Garuneko paralisia dugu; ez da gaixotasun bat, lesio bat baizik, eta Aspace aspalditik dago Bergaran", dio Aritz Bikuñak.
Denek asko gozatzea eta dena giro onean joatea espero dute, "pertsonekiko errespetuz eta inolakorik erasorik gabe. Izan daitezela denok gozatzeko moduko jaiak!". Aurten, gainera, Ainara Uribesalgo izango da hezur-haragizko Bitorianatxo.
Haurrak, festan murgilduta
Barrakak martxan daude pasaden egubakoitzetik eta Pentekoste jaiak amaituta desmuntatuko dira. Inklusioaren aldeko apustua egin du Bergarako Udalak eta hilaren 5ean eta 6an ez da musikarik jarriko barraketan 17:00etatik 19:00etara. Horrela, behar bereziak dituzten haurrek ere gozatzeko aukera izango dute.
Bidaien prezioari dagokionez, txartel batek 2,20 euro balio du; hamar euro seiko bonuak. Hala ere, hilaren 6an eta 8an, 1,30 euroko prezioa izango du bidaia bakoitzak.
Aparkalekuak eta trafikoa
Egun hauetan aparkaleku batzuk ez dira erabilgarri egongo, eta trafikoan aldaketak egongo dira. Alde batetik, barrakak ohiko hilerriko aparkalekuko eremua hartu dute, baina, ohi bezala, Matxiategi kalea aparkatzeko gaitu da. Poligonoan ere aparkatzeko gunean egongo da, eta jaiegunetan, eskolako patioa ere zabalik egongo da. Txosnagunea, berriz, ekainaren 9an amaituko dute desmuntatzen.
Matxiategi kalean postuak muntatzen hasiko dira gaur, eta horiek muntatu bitartean, herri barrura doan errei bat itxita egongo da. Hala ere, autobusek igarotzeko aukera izango dute. Goitibeheren ekitaldia ekainaren 5ean egingo da, eta ordurako bide guztia autoz hustu behar da. San Martzialera bidean trafikoa moztuta egongo da egun horretan, 15:30etik 18:30era.
Txosnak, lekualdatuta
Xaxau jai-herrikoien konpartsak prest dauka dagoeneko egitaraua. Aurten, ordea, Oxirondoko aparkalekuetan egongo dira txosnak. Andoni Etxezarreta Xaxauko kideak adierazi du lekualdatze horrek "beldur pixka bat" ematen diela. "Poteo-gunetik urrunago gaude aurten. Berez, zubia igaro eta bi minutuko ibilalditxoa egitea da. Hala ere, positibo gaude, eta badakigu jendea ekintzetara animatuko dela".
Halaber, antolaketarako jendea aurkitzea kostatzen ari zaie. "Ikusten da jende beharra dagoela. Horrela jarraituz gero, etorkizun batera begira, arazoak edukiko ditugu". Jendea ez animatzearen arrazoia "ezjakintasuna" dela uste du Etxezarretak: "Txosnagunea antolatzeko atzean ze lan dagoen ez da jakiten, eta horrek atzera eramaten du pertsona".
Bestalde, Pentekosteetan San Martin plazan egoten den txosnaren ardura Larramendiko Arnasa taldeak izango du aurten, egubakoitzetik martitzenera; paper-fabriken hondakinak tratatzeko Larramendiko industrialdeko h partzelan aurreikusita dagoen plantaren aurka egiteko plataformak.
Erasorik gabeko jaiak
Txosnagunerako protokoloa landu dute Martxanterak talde feministak eta Xaxauk. Horretaz gain, txoko morea ere jarriko dute hiru egunetan: egubakoitzean, 20:00etatik 22:30era; zapatuan, 18:00etatik 20:00etara eta domekan, 17:00etatik 19:00etara.
Halaber, Bergarako Udalak adierazi du egunerokoan lanean ari dela "Bergara herri inklusiboa, pertsonen arteko berdintasunean oinarritutakoa izan dadin, eta herri feministarantz bidea urratzen, indarkeria matxista prebenitzeko lan eginez eta sortzen diren kasuak artatuz".
Gainera, kartelak jarriko dira herrian zehar Jaietan ere ez dugu inongo erasorik onartuko! lelopean, "erasoen edo erasotzaileen konplize ez izatera dei egitez, eta zaintza kolektiborako gonbidapena eginez". Udalak jakinarazi du tabernariei ere helarazi zaizkiela eraso egoerak kudeatzen laguntzeko aholkuak.
Ingurukoak errespetatzeko eta zaintzeko dei egin die Udalak herritarrei nahiz kanpotik etorriko direnei, "jaiegunak eta guneak espazio seguruak eta askeak izan daitezen".
Bergarako zezenak ere prest
Lau eguneko egitaraua prestatu du Bergarako Zezenak ganadutegiak; zapatutik martitzenera. Hirurogei animaliatik gora aterako direla zezen-plazara baieztatu du Iñigo Almorzak. Saio bakoitzerako zezen ezberdinak ateratzen dituzte. Almorzak adierazi duenez, "errekortadoreentzako zezen garbiak ateratzen dira, inoiz zezen-plazara atera ez direnak". Litekeena da pandemiako azken bi urteek animaliei ere eragin izana, bi urte "asko" baitira animalia baten bizitzan: "Txiki izatetik handi izatera pasatzen dira, edo sasoi onean egotetik heldu izatera. Beraz, handicap hori daukagu. Animaliak ezagutzen ditugun arren, ez dakigu zehazki nola jokatuko duten".
Olinpiadak eta errekortadore eskola ibiltariak harrera ona izatea aurreikusten du Almorzak; hogei kuadrilla inguruk parte hartzea espero duelako, eta eskola ibiltarian haur askok hartzen baitu parte: "Azken festetan, bederatzi mila lagun igaro ziren zezen-plazatik, eta gehienak haurrak izan ziren".
Autobus zerbitzu bereziak
Pentekosteetan, gaueko autobus zerbitzu bereziak egongo dira. Ekainaren 3an, Arrasaterako noranzkoan bi ordutik behin aterako dira autobusak Bergaratik: 00:30ean, 02:30ean, 04:30ean eta 06:30ean. Kontuan izateko, 00:30ean eta 04:30ean ateratzen diren autobusek Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere egingo dute geldialdia. Ekainaren 4an, aldiz, ohiko autobus zerbitzua egongo da linea horretan.
Antzuola-Bergara-Elgeta arteko linean, ekainaren 3an eta 4an, 00:30ean, 01:30ean, 02:30ean, 03:30ean eta 05:30ean aterako dira autobusak Antzuolatik. 04:40an Bergaratik aterako da autobusa Elgetarantz.
Bitorianatxoren jaitsiera, zuzenean
Pentekosteen jarraipen zabala egingo du Goienak. Gaur, zuzenean San Martin plazatik, Hemen Debagoiena jaietan saio berezia emango da telebistan eta Goiena.eus-en, 19:00etan hasita. Goiatz Arana izango da gidari, eta Oihana Elortza eta Aitor Agiriano murgilduko dira giroan.
Kuadrillen arteko XII. olinpiadak ere zuzenean izango dira, ekainaren 6an, 12:00etan hasita. Errekortadoreen txapelketa, berriz, ekainaren 7an, 19:00etan izango da. Bi egun horietan, Bergarako jaiei eskainitako tarte berezia izango da ikusgai. Eta, azkenik, martitzenean, 21:00etan, Bergarako jaiei errepasoa egingo dien saio berezia emango da. Hau guztia, Goiena telebistan eta Goiena.eus-en.