Udal Gobernuaren arabera, araudiaren behin behineko onarpenarekin "urrats garrantzitsu bat" egingo da aspaldiko eskaera bat betetzeko. Ortu komunitarioetarako araudia onartu beharra zegoen izen-ematearekin hasteko eta prozesu hori atzeratu bada ere obrak aurreikusi moduan doazela dio gobernuak."Bagatoz urteetako eskaera bati erantzun bat ematera. Pozgarria da halako proiektu bat aurrera ateratzea; izen-emate prozesua atzeratu bada ere, obrak martxan eta epeen barruan daudela jakinarazi nahi diet herritarrei. Udara bueltarako ortuak gertu egongo dira", esan zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.
Nagore Iñurrategi (EH Bildu): "Izen-emate prozesua atzeratu bada ere, obrak epeen barruan doaz; udara bueltarako ortuak gertu egongo dira"
EAJ eta alderdi sozialista ados daude araudiarekin baina ez ortuetarako aukeratu den kokalekuarekin. "Abstentziora jo dugu gure kokalekua Bolua zelako. Hala ere, gaur onartu diren ordenantzetan egin ditugu gure ekarpenak eta ados gaude araudiarekin", adierazi zuen EAJko eledun Maite Agirrek.
PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok kokalekuaz gehiago eztabaidatu beharko zela deritzo: "Abstenitu egin gara uste dugulako ortuen kokapena aukeratzeko partaidetza gehiago egon zitekeela eta oposizioarekin adosteko ahalegin handiagoak egin zitezkeela. Araudia ondo ikusten dugu, baina kokapenaren gaineko debatea beste bat izan zitekeen".
Maite Agirre (EAJ): "Gure kokalekua Bolua zen baina ordenantzan ekarpenak egin ditugu eta ados gaude"
Boluko kokalekua aukeratu ez izanaren arrazoiak dira, EH Bilduren arabera, San Joxepekoak ez bezala Boluko lurrak ez direla udal jabetzakoak eta horrek atzeratu egingo lukeela proiektua bertan gauzatzea. Nagore Iñurrategik gogora ekarri zuen ortuen proiektua lantzeko bilera irekietan herritarrek ahalik eta azkarren egitea eskatu izan dutela, eta bestetik, kokapen horretarako aurreko legealdian egindako proiektuan ez zela Boluko maldaren egonkortzerako azterketarik jasotzen.
Alberto Alonso (PSE-EE): "Araudia ondo ikusten dugu, baina kokapenaren gaineko debatea beste bat izan zitekeen"
Ordenantza fiskalak: %3,3ko igoera
Bestalde, ikasturte honetako hainbat ordenantza fiskalen aldaketa ere onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin eta jeltzaleen zein sozialisten abstentzioarekin. Onartu da hainbat tasa edo kuota doitzea, iazkotik %3,3 igota. Udal Gobernuak %5 igotzea proposatu zuen hasieran, eta EAJk zero igoera eskatzen zuen. Negoziazio baten ostean adostu dute %3,3ko igoera.
Aurrekontuetako konpromisoetarako kreditu aldaketa
Era berean, 1.902.000 euroko kreditu aldaketa bat ere onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Bi alderdi nagusiek aurrekontuetarako adostu eta lehentasunez aurrera atera behar diren hainbat proiektu gauzatzeko izango da diru-partida hori, iazko gerakina eta 500.000 euroko mailegu baten batura dena. Hor jasotzen dira, besteak beste, Boluko malda, hilerriko kapila, Martoko proiektua idaztea, hileta zibiletarako espazioa egokitzea, San Blaseko bidegurutzea eta energia berriztagarrien proiektua.
Askasibarren eskultura
Amaitzeko, Lorenzo Askasibar eskultoreak egindako Jose Miguel Barandiaranen eskulturaren dohaintza onartu zuen udalbatzak, aho batez.