Bergara "gero eta inklusiboa" izan dadin egiten ari den lanketarekin jarraituz, Udalaren ekimenez ekainaren 5ean eta 6an, 17:00etatik 19:00etara, ez da musikarik jarriko barraketan, behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako umeek ere bertan gozatzeko aukera dezaten. Horrez gain, premia berezia duten umeei ilaretan lehentasuna ematea eskatu die Udalak gunearen kudeatzaileei, eta gauza bera eskatu nahi die herritarrei ere.
Matxiategi eta eskoletako patioak aparkatzeko
Barrakek ohiko hilerriko aparkalekuko eremua hartuta, ohi bezala, Matxiategi kalea aparkatzeko gaitu da, poligonoan ere aparkatzeko gunea egongo da, eta jai egunetan eskoletako patioak ere zabalik egongo dira.
Azoka astelehenean hustuko dute
Bestalde, Zubieta kalea eraberritzeko lanek eraginda, Bideberrin beharrean azokako aparkalekuan jarriko dute txosnagunea aurten; maiatzaren 31erako hustu egin behar da azokako parkinga. Egun horretan bertan hasiko dira gunea muntatzen, eta ekainaren 9an amaituko dute gunea desmuntatzen.
Kaleko postuak eta goitibeherak
Trafikoari dagokionez beste bi ohar eman dituzte Udaletik: ekainaren 3an, 15:00etatik aurrera, Matxiategi kalean postuak muntatzen hasiko dira, eta horiek muntatu bitartean errei bat (herri barrura doana) itxita egongo da. Autobusek pasatzeko aukera izango dute. Bestalde, ekainaren 5ean goitibeheren ekitaldirako, San Martzial bide guztia kotxez hustu egin behar da, eta San Martzialera bidean trafikoa moztuta egongo da 15:30etik eta 18:30era.