Askotariko barrakek hartuko dute, aurten ere, azken urteotan kokaleku duten Matxiategiko gunea –ohiko azalera apur bat murriztuta–. Helduentzako eta umeentzako barrakak izango dira, eta baita bestelako kaxeta eta tonbolak ere; horrekin batera, ohiko taberna eta txurro saltzaileak ere izango dira faltako.
Arturo Bravo da barraka Bergarara ekarriko duenetako bat: "Ilusionatuta gatoz. Izan ere, bi urtez geldi egon eta gero, egin ditugun ferietan nahikoa ondo ari da erantzuten jendea. Jendea gogotsu dago; pozik gaude".
Urteko lehen jaiak
Aspaldiko kontua da Bergaran jendeak barrakei ematen dien erantzun ona. 70eko hamarkadan Bergarako alkate izandako Jose Luis Elkororen arabera, horretan badu eragina inguruko urteko lehen herriko festak izateak, eta haren alkate garaian ere "herriko eta inguruetako jende asko" erakartzen zuten hori dela eta.
Eskaintza ere beti zabala, eta kokapenak hainbat: Santa Marina elizaren alboan, Ferial zeritzon gunean, egon izan ziren antzina; Bideberrin ere bai; egun Simon Arrietako etxeak dauden gunean, baita ere. "Nik uste dut urte gutxi izan zirela; ez dugu horren argazkirik", dio Udal Artxiboko arduradun Arantzazu Oregik. Beheko geltoki inguruan egon ziren gero, eta Matxiategin orain.
Aurten, 2,20 euro balioko du bidaiak, eta 10 euro seik. Hilaren 6an goizez eta 8an egun osoz, berriz, 1,30 eurotan egin ahalko da bidaia. Udalak ez du urte batzuetatik hona zoruaren okupazioagatik kobratzen, eta prezioa doitzeko eskatzen die, trukean, barraken arduradunei.
Urte honetako nobedadea izango da, azkenik, hilaren 5ean eta 6an, 17:00etatik 19:00etara, ez dela musikarik izango barraketan, behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako haurrek ere ferian gozatu dezaten. Horrez gain, premia berezia duten haurrei ilaretan lehentasuna ematea eskatu du Udalak.