Bergarako jaietako egitarauan klasikoetako bat da: zapatu goiz-eguerdirako hitzordu ohikoa. Aurten ere bakailaoa pil-pil era nork baino nork hobeto prestatu ariko dira lehian herriko elkarte gastronomikoetako ordezkariak. Zazpi elkartek eman dute izena –gehienez ere hamabik har dezakete parte, oinarrien arabera–. Eta elkarte bakoitzeko bi lagun ariko dira sutondoan.
Honako elkarte hauetakoak izango dira udaletxeko arkupeetan jarritako sukalde berezietan: Aizepe, Aiz-pe, Gure Ametsa, Madura, Pertxa, Santa Ana eta Umore Ona. Iaz irabazle atera ziren Pertxako ordezkariak, Fernando Karasatorre eta Ander Errasti, saiatuko dira berriro saria jasotzen.
Antolaketatik adierazi dutenez, beranduenez, 11:00etarako tokian egon beharko dute lehiakideek. Antolaketak jarriko du sukaldarientzako tresneria: suak, lapikoak, amantalak... Azken hauek Lacor enpresak emandakoak. Parte hartzaile zein bertaratzen diren gainerako herritarrentzako, bestalde, hamaiketakoa izango da: herriko okindegi, harategi eta edari banatzaileek emandako janak eta edanak. Sari banaketa 13:30ean izango da, San Martin plazan bertan. Hiru sari banatuko dira: txapela eta garaikurra irabazleendako eta garaikurra bigarren eta hirugarren sailkatzen direnendako.
Bergarako Udalak 110 euro emango dizkio, udal bonuetan, lehiaketan izena eman eta parte hartuko duen bikote bakoitzari. Dieta horrekin bakailaoa eta berau prestatzeko behar dituzten osagarriak erosiko dituzte lehiaketako parte hartzaileek. Bakailaoa prestatu ostean, parte hartzaile bakoitzak dastatuko du, jeneralean, elkartean bertan mahaiaren bueltan elkartutako hurbilekoenekin.
Bakailao onaren sekretua
Lagunartean disfrutatu
Goienak batu zituen
"Lehiaketa hasi zen eta guk ez genion berehala prestatzeari ekin"
Pertxa elkarteko Fernando Karasatorrek eta Ander Errastik prestatu zuten bakailaorik onena azkeneko Bakailao Lehiaketan, 2019ko Pazkoetan. Aurten ere, helburu berarekin parte hartuko dute, sutondoan jakia prestatu, disfrutatu eta bakailaoa elkartean jateko asmoarekin.
2019ko jaietan irabazle izan zineten. Nola gogoratzen duzue? Zelako esperientzia izan zen?
Ikaragarria. Gure lehenengo parte-hartzea zen lehiaketan; ez genuen buruan lehenengo hiruren artean gelditzea ere. Beraz, arraina prestatu, ahalik eta ondoen pasa eta bakailaoa elkartean lagun artean jateko asmoarekin joan ginen.
Hortaz, sorpresaz harrapatu zintuzten?
Pertxa Elkartearen izenean aurkeztu ginen, eta, hain urriak ikusten genituen aukerak,
Guti-ri eta Felisin-i esan genien lehenengo hiruren artean geldituz gero suziria botako zutela. Esan eta egin, irabazle gelditu eta bete zuten hitza.
Erabili zenuten trikimailurik?
Trikimailu bakarra, lehiaketa hasi zela eta ez geniola berehala ekin lanari.
Aurretik hasi zineten errezeta nola prestatu antolatzen eta probatzen?
Bi aste lehenago, lehiaketa aitzakia moduan hartuta, beste bazkari bat egin genuen.
Aurten ere, Pertxaren izenean parte hartuko duzue. Zuek zarete faborito?
Ez, ez, aurten ere ez dugu geure burua faborito ikusten. Izen eta maila handiko sukaldariak izan ohi dira lehiaketan.