Pazko jaien barruan hitzordu berezia antolatu dute Ipintzako berdegunean domekarako, hilak 5 (11:00). Izan ere, ohiko kirol eskaintzatik harago, herritarrek juggerra gertutik ezagutzeko aukera izango dute, horretarako erakustaldia antolatuko dute-eta Eibarko Arima Galduak-eko eta Arrasateko Dragoi Arimak-eko taldeko lagunek. "Normalean, domekero batzen gara bi taldeetako ordezkariak, eta elkarrekin entrenatzen gara Bergaran. Hain zuzen, inguruko hainbat herritako jendea dugu taldean, eta Bergara leku estrategikoa da guretako, denondako eskura dagoen herria da eta".
Entrenamendu saioa
Eta jaietarako prestatu duten erakustaldian ere horixe egingo dute, entrenamendu saio moduko bat. "Lan-saioan teknika landuko dugu, borrokalditxoak antolatuko ditugu... Baina ea jendea animatzen den; izan ere, gurekin batera entrenatzeko aukera emango diegu bertaratzen direnei", adierazi dio GOIENA-ri Jessica Ots-ek. "Hori ez da erakustaldiko kontua bakarrik; edozein domekatan guregana etortzen denak ateak zabalik ditu, gurekin batera entrenatzeko ez da ezer behar, eta aukera ematen dugu juggerra gertutik ezagutzeko".
Taldetxoak sortu, eta borrokara
Horixe izango litzateke ideala, jaietako egitarau barruan antolatuko duten erakustaldira jendea kopuru polita joatea, bertan taldetxoak sortu ahal izateko: "Bost laguneko taldeak sortzea izango litzateke aproposena, eta borrokalditxoak antolatu. Horretarako, jendeak arropa erosoa ekar dezala, txandal edo praka motzak, eta futboleko botak edo mendian ibiltzeko zapatilak badituzte, hobeto, berdegunean eroso egon daitezen. Bestela, zapatila normalekin ere moldatuko dira. Eta 12 urtetik gorakoei zuzendutako saioa izango da. Gehienezko adinik, berriz, ez dago, ondo pasatzeko gogoz etor daitezela". Eta, behin juggerra gertutik ezagututa, zergatik ez, posible da norbait pauso bat aurrera ematera animatzea: "Nork daki; akaso, erakustaldiaren ostean kirol honek harrapatu eta talde berriak sortuko dira".